Bost abestiko emanaldia prestatu, grabatu eta bidali digu kantautore lasarteoriatarrak. Horietako batek, lehenengoak, ez dauka izenbururik. Ikus-entzuleentzat erronka: jarriko al lioke norbaitek titulua? Etortzen al zaio ideiarik burura? Inspirazioa etorri bitartean, hona hemen minutu batzuk irabazteko proposamena: Maialen Aristegi Letamendiari egindako elkarrizketa.
Nola daramazu itxialdia, Maialen? Egun eta aste hauek baliatzen ari al zara sormenerako, zure errepertorioa zabaltzeko, orain arte jo izan dituzun kantak entseatzen jarraitzeko…?
Ba egia esan, ondo daramat itxialdia. Unibertsitateko klase birtualengatik eta bidaltzen dizkiguten etxeko lan guzti horiengatik ez balitz…Hala ere, atera dut kantuak konposatzeko tartetxoren bat edo beste eta kantu berri bat idatzi dut: Kafesnea eta Benitoren kantuak, nire amonei eskainitako abestia. Espero dut dauden lekutik entzutea eta gustatzea.
Mikrofonoa aurrean eta gitarra eskuetan duzula ikusi zaitugu sare sozialetan. Txikitatik datorkizu musikarekiko zaletasuna? Zergatik gitarra?
Beharbada, musika asko entzun (eta entzuten) dugulako etxean eta kotxean. Auskalo.
Esango nuke Mikel Urdangarinengatik hasi nintzela gitarra jotzen ikasten. Izan ere, Urdangarinek gitarra lagun izaten du kontzertuetan, nahiz eta azkenaldian pianoarekin ibili jo eta su. Nik gitarra jotzen ikasi nahi nuen eta horretan Jon Lasak eta bere seme Aitzolek lagundu naute. Beraiei zor diet dakidan (ia) guztia.
Nortzuk (izan) dira zure artista erreferenteak?
Txikitan Takolo, Pirritx eta Porrotx, dudarik gabe. Gaur egun, Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika eta Eñaut Elorrieta. Munduko pailazo onenen emanaldietatik, euskal musikako ahots onenen kontzertuetara joatera igaro naiz. Porrotx eta konpainia, ez zaituztet ahaztu.
"Takolo, Pirritx eta Porrotx izan ziren nire erreferenteak haurra nintzenean; gaur egun, Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika eta Eñaut Elorrieta"
Non eskaini zenuen zure lehenengo zuzeneko emanaldia? Zer moduzko esperientzia izan zen? Betidanik buruan eduki izan duzun gauza bat izan da hori, zuzeneko emanaldiak eskaintzea?
Oker ez banabil, 2017ko azaroaren 3an eskaini nuen bakarkako nire lehen kontzertua Elebeltzen antolatutako jaialdi feministan. Ez dakit zenbat kantu jo ote nituen, hamar inguru. Horietako bat nire lehen kantua –kantu bakarra konposatu nuen ordura arte– gainerakoak nire kantari kuttunenen kantu kuttunenak. Ez dut inoiz ahaztuko lehen aldi hura, lehenaldi guztiak bezala, hura ere berezia eta ahaztezina izan baitzen.
Kontzertuena pentsatu gabe etorri da. Egia da Jon Lasarekin gitarra ikasten genuenean ikastolako jaialdian abestu izan dugula hainbatetan, baina 2017ra arte ez nuen zuzenean bakarka aritzeko eskaintzarik izan. Geroztik, antza, gustua hartu diot jendaurrean kantuan aritzeari eta hortxe nabil.
Herrian bertan gozatu ahal izan dugu zure emanaldiez: Elebeltzen antolatutako zenbait ekitaldietan eta Sorgin Jaietan, esate baterako. Berezia al da musikari batentzat bere herrian jotzea?
Sortzaile orok behar du bere sorkuntza jendaurrean aurkezteko aukera: musikariak oholtza, margolariak erakusketa… Nik aski dut oholtza bat (lagunen baten etxea, gaztetxea, taberna…) zoriontsu izateko. Beraz, niretzat edozein leku da berezia jotzeko, kontzertu guztiak bakarrak dira eta horrek badu bere berezitasuna.
Jakina norberaren herrian jotzea ondo dagoela, asko gustatzen zait herrian jotzea, nola ez. Izan ere, hor egongo da zure familia, zure kuadrilla, eskolako lagunak eta baita kontzertuaren berri ez zuen hori ere. Baina zure musika eta zure kantuak jende gehiagorengana iristea nahi izanez gero, ez da nahikoa norberaren herrian jotzea.
Aipatu beharra dut, azkenaldian herritik kanpo ere eman ditudala kontzertuak. Hala nola, Gasteizen, Añorgan eta Pasai-Donibanen. Eta oso pozik nago.
Koronabirusak eragindako egoerak erabat irauli du denon egunerokoa, baita musikariena ere. Bertan behera geratu diren emanaldiak edo atzeratu behar izan direnak… Hori pasa al zaizu zuri ere?
Martxoaren 19an Usurbilen jo behar nuen. Baina, tira, ikusiko dugu elkar hurrengo batean.
Zure errepertorioari buruz ere galdetu nahi genizuke. Zenbat kanta? Bertsioak, zuk sortutakoak…?
Oraingoz zazpi kantu konposatu ditut eta kontzertuetan nire kantuez gain, nire abeslari kuttunenen abesti kuttunenak jotzen ditut. Sare sozialetara bertsioak igotzen ditut, momentuz ez dut nire kanturik igo.
"Oraingoz zazpi kantu konposatu ditut eta kontzertuetan, nire abestiez gain, nire abeslari kuttunenen abesti kuttunenak jotzen ditut"
Euskal musika. Euskal sortzaileak. 2020. urtea. Nolakoa da egoera, zure ustez?
Gaur egun, denetarik entzun daiteke euskaraz. Alde batetik, musikari gutxi dago musikaz bizi dena. Gehiengoak, musika eta beste lan bat (edo bi) uztartu behar ditu bizitzan aurrera egiteko. Bestalde, ematen du euskara muga bat dela askotan euskal musika Euskal Herritik at hel dadin. Eta ez da hori kontua. Euskal musikariak ez dio Euskal Herriari kantatzen, munduari kantatzen dio. Beraz, egiteko asko dago. Hizkuntza ezin da muga bat izan, bide bat baizik.
Egia esan, edozein momentu ona da bakarrik zein konpainian, musikaz gozatzeko, baina badirudi konfinamendu egoera honek are gehiago azaleratu dituela horrelako uneen beharra, ‘play’ botoia sakatu eta abestien unibertsoetan murgiltzekoa. Gomendatuko zenizkiguke zuk abesti batzuk? Zeintzuk dira ezinbestekoak zure zerrendan?
Nik bakarlariak/taldeak gomendatuko ditut bakoitzak bere zerrenda egin dezan.
Bakarlariak: Maite Larburu, MICE, Maider Zabalegi, Anne Etchegoyen, Anari, Olatz Salvador, Maren, Izaro, Mikel Urdangarin, Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Eñaut Elorrieta, Anje Duhalde, Mikel Markez, Petti, Rafa Rueda, Josu Bergara, Passenger, Ray LaMontagne eta Ismael Serrano.
Taldeak: Physis Versus Nomos, Lou Topet, Katamalo, Izaki gardenak, Berri Txarrak eta La M.O.D.A.
Kontzertuko abestiak
- (Izenbururik gabe)
- Udazkena Gasteizen
- Maitasunak maitemina
- Gaueroko ametsa
- Kafesnea eta Benitoren kantuak