Covid-19ak eragindako osasun alarma egoera dela-eta, erakunde, enpresa eta elkarte askok telelanaren bidez ari dira euren jarduna aurrera eramaten. Hau horrela, "zibergaizkileentzat" aukera baliagarria da beraien "delitu-jarduerak" egiteko. Horregatik, oso garrantzitsua ikusten du Ertzaintzak neurriak hartzea. Besteak beste, interneteko konexioetan, konektatzeko erabiliko diren ekipo informatikoetan, hainbat aplikazioetan eta sartzen garen informazio edo datuetan.
Horrela, zibersegurtasunaz jabetzeko Europolek (Europar Batasunak sorturiko nazioarteko polizia agentzia) prestatu dituen dokumentu batzuk helarazi ditu Ertzaintzak herritarrek kontuan hartu ditzaten.
Gogorarazi dute garrantzitsua dela erabiltzen diren ekipo eta sistemetan detekta daitezken edozein portaera "susmagarriak" jakinaraztea, informazioa funtsezkoa baita erantzun azkar eta eraginkorrak eman ahal izateko.
Hauek dira jarraitu daitezkeen gomendioak:
- Wifi: aldatu beti routerraren pasahitz lehenetsita.
- Instalatu antibirus bat Internetera konektatutako gailu guztietan
- Egin zure datuen segurtasun-kopia eta eguneratu aldian-aldian zure softwarea.
- Berrikusi zure aplikazioen baimenak eta ezabatu erabiltzen ez dituzunak.
- Segurtatu gailuak pasahitzekin, PINarekin edo informazio biometrikoarekin.
- Aukeratu pasahitz sendoak eta desberdinak zure helbide elektronikorako eta sare sozialetako kontuetarako.
- Berrikusi zure kontuen pribatutasun konfigurazioa sare sozialetan.
Online erosteko segurtasun-aholkuak
Saltzaile fidagarriei erosi eta banakako kalifikazioak berrikusteko gomendioarekin batera, online erosteko kreditu txartelak erabiltzea ere aholkatu dute, "bezeroaren babes handiagorako".
Horrez gain, norberaren bankuko kontua sarritan berrikusteko ere aholkatu dute, "jarduera susmagarririk" dagoen edo ez detektatzeko.
Hortaz gain, dei edo mezu susmagarriei ez erantzuteko ere aholkatu dute. Banku txartelaren xehetasunik edo finantza informaziorik ez partekatzeko ere gomendatu dute, eta egiaztatu gabeko ongintza dohaintzarik ez egiteko ere eskatu du Ertzaintzak. Horrez gain, iturri ez ofizialetatik datorren informazio eta albisteak ez partekatzeko ere aholkatu dute, ezta ezagutzen ez dugun inori dirurik ez bidaltzeko.
Gomendio horiekin batera, osasun larrialdi egoeran merkataritza-jarduerak edo antzekoak irekitzeari buruzko irizpideak argitaratu dituzte, eguneratuta.