Koronabirusaren pandemiak hedatzen jarraitzen du, nahiz eta adituek itxaropenerako arrazoiak badirela dioten. Edonola, Alarma egoera beste bi astez luzatu du Espainiako Gobernuak eta ohartarazi du apirilaren 26tik aurrera baldintzak malgutuko baditu ere itxialdia mantenduko duela. Ohikotasunera, beraz, ez gara maiatza arte, gutxienez, bueltatuko.
Datuen txostenaren eguneraketa egin du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguerdian. Azken 24 orduetan, 441 baieztapen berri izan dira EAEn eta, guztira, 8.628 lagun kutsatu ditu COVID-19 birusak. Atzo 20:00ak arte bildutako datuen arabera, 38 lagun hil ziren eta 515 dira birusak erkidegoan hildakoak. Halaber, 3.405 dira osatuak eta alta jaso dutenak, eta ospitaleratutakoen kopuruak behera egin du bezperako datuekin alderatuta, 1.858tik 1757ra. Donostia Ospitalean 177 lagun daude, 45 Zaintza Intentsiboko Unitatean.
Orain arte, 22.048 test egin dituzte, 1.464 atzo. Proben %29 izan dira positiboak. Lurraldeka, Araban, 100 kasu berri zenbatu dituzte azken egunean; Bizkaian 265, eta Gipuzkoan, 76. Horiek gehituta, orotara, 2.639, 4.489 eta 1.500 gaixo daude, hurrenez hurrez.
103 baieztapen Beterri-Buruntzaldean
Eskualdean 103 dira orain arte atzemandako kasuak. Lasarte-Orian ez da positibo berririk izan ostegunetik, eta dira kutsatuak. Hernanin, berriz, bi gaixo gehiago daude, eta bana, Andoainen nahiz Astigarragan. Herriz herri, honakoa da zenbaketa.
- Andoain: 26
- Astigarraga: 7
- Hernani: 33
- Lasarte-Oria: 23
- Urnieta: 8
- Usurbil: 6