Positibo berririk ez da Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 4a, 13:35

Euskal Autonomia Erkidegoan 8.187 dira COVID-19ak kutsatuak, atzo 360 positibo berri atzemanda. Lasarte-Orian ez da kasu berririk izan, 23 dira kutsatuak.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezagutzera eman ditu koronabirusaren hedapenaren inguruko azken datuak. Atzo, 20:00ak arte, 360 positibo berri atzeman zituzten, kutsatutakoen kopuru osoa 8.187 pertsonakoa da. Lasarte-Orian ez da aldaketarik, 23 dira atzemandako gaixoak. 

Datu baikorrak topa daitezke azken txostenean. Atzo 1.283 test egin zituzten eta %28 bakarrik izan ziren positiboak, azken hiru asteetako datu baxuena da. Baikor izateko modukoa da ere osatu eta alta emandakoen kopurua, 3.098 lagun. Alde ilunenean, berriz, 477 lagun hil dira pandemia hasi zenetik, 33 azken 24 orduetan.

Egoerari lurraldeka begiratuz gero, Araban 92 kasu berri izan dira, Bizkaian, 200, eta Gipuzkoan, 68. Horiek batuta, kopuru osoa, 2.539, 4.224 eta 1.424 da, hurrenez hurren. 

Ospitaletan daudenen kopurua hazi egin da, bezperan baino 17 lagun gehiago daude. Donostia Ospitaleari dagokionean, 189 daude, 43 Zaintza Intentsiboko Unitatean. 

Zalantzak argitzeko laguntzaile birtuala

Bestalde, Osakidetzak eta Osasun Sailak abian jarri dute beraien webguneetan chatbot bat, herritarrek COVID-19ari buruz izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Maia izeneko laguntzaile birtualak automatikoki agertuko da webguneko eskuin aldean informazio kontsultak arintzeko. Horrez gain, gaitzaren sintomei buruzko autotest bat egiteko aukera ematen dio baita unean uneko aholkuak ere.  

Erlazionatuak