Espainiako Gobernuak apirilaren 11ra arte luzatu du alerta egoera, larunbatarekin. Oso irakurle gutxik uste dute orduan bukatuko dela konfinamendua: 176tik hiruk besterik ez.
Martxoaren 14an ekin genion itxialdiari. Lau aste beteko dira apirilaren 11n. Bi astean behin luzatzen ari da konfinamendua Espainiako Gobernua, eta, egun hori iritsita, erabakiko balu beste data bat jartzea, apirilaren 25era arte luzatuko luke, hilabeteko azken egunetako batera arte. Orain arte emandako iritziei so eginda, posibleago ikusten dute aukera hori inkestan parte hartu dutenek, hamar pertsonatik ia hiruk –50 pertsonak uste dute orduan emango duela amaitutzat alerta egoera gobernuak; botoen %29–.
Maiatza, aukera bozkatuena
Maiatza. Urteko bosgarren hilabetea. Orduan bukatuko da konfinamendua. Hori izan da irakurle gehienek bozkatu duten aukera: 176tik 92k, parte-hartzaileen %52k. Inkesta aukerez gehiegi ez betetze aldera, ez genuen zehaztu aste edo egunik. Luzea da maiatza, 31 egun baititu. Horietakoren batean aterako gara etxetik, irakurle horien iritziz.
Badago uste duenik ekainean zein uztailean (edo beranduago) oraindik itxialdian egongo garela. 25 eta sei bozka jaso dituzte aukera horiek, hurrenez hurren. Aurreikuspen ezkorragoak egin dituzte irakurle horiek.
Larunbata izango da inkestan parte hartzeko azken eguna. Beraz, oraindik zure iritzia eman ez baduzu, aurrera!