Apirila hastearekin batera, albiste on bat: eten egin da Lasarte-Oriako kasu positiboen jarioa, martxoaren 31n egin ziren proben arabera. Ofizialki, 21 kutsatu daude gure herrian –horietatik erdia baino gehiago azken bost egunetan atzeman dituzte–. Egunero bezala, EAEko hiru lurraldeetako datu eguneratuak jakinarazi ditu Osakidetzak.
Orain arte 6.838 kasu positibo atzeman dituzte EAEn. Ia erdiak, Bizkaian: 3.382. Araban gutxiago, nahiz eta foku indartsuenetako bat lurralde horretan detektatu; 2.250 kasu positibo daude. Gipuzkoan 1.206 kutsatu daude, azken datuen arabera. Atzo egin zituzten inoiz baino proba gehiago: guztira, 1.532. Bi heren kasu negatiboak izan ziren –1.024–. Ia 17.000 test egin dituzte.
Iturria: Osakidetza.
267 pertsona, sendatuta
6.000 pertsona pasatxo kutsatu dira honezkero EAEn, baina horietako batzuk hasi dira sendatzen. 267 pertsonak gainditu dute gaixotasuna, Osakidetzak emandako datuen arabera. Hildakoen kopurua handiagoa da oraindik: 367 zendu dira, gaixoen %5,4. Atzo, 44.
Txosten horretan jasotzen denez, koronabirusagatik kutsatu diren bost pertsonatik bat 50 eta 59 urtekoen adin-tartekoa da. Dezente kasu daude baita ere 60-69 eta 70-79 urtekoen artean: %17,5 eta %16, hurrenez hurren.
Buruntzaldeako egoera
Hauek dira Beterri-Buruntza eskualdea osatzen duten herrien datuak –martxoaren 31koak–:
- Hernanin, 28 kasu.
- Lasarte-Orian, 21.
- Andoainen, hemeretzi.
- Urnietan, zazpi.
- Astigarragan eta Usurbilen, seina.
Iturria: Osakidetza.