Bizitzen ari garen berrogeialdi egoerak eragina izan dezake pertsona askoren "gogo-aldartean", isolamenduarengatik eta egunero Koronabirusaren inguruan jasotzen ari garen informazio kopuruagatik. Horrela, herritarrei arreta psikologikoa eskaintzeko Psikologia Elkargo Ofizialeko boluntarioen zerrenda bat burutu dute, psikologia laguntza eskaintzeko.
Gipuzkoako Psikologia Elkargo Ofizialak "kode etiko eta deontologiko batean oinarritutako kalitatezko arreta bermatzen duten osasun psikologoen zerrenda" sortu du, haietako guztiak elkargokideak eta "behar bezala gaituak" direlarik.
Bestalde, esker ona adierazi dute "egoera zail honetan" herritarrei laguntza ematen ari direnei, baina arreta psikologikoa "berme profesionalekin" soilik eskaini behar dela uste dute. Horregatik, elkargoak bere boluntarioen talde propioa eratzea erabaki du.
Eskainiko duten zerbitzua "arreta puntualekoa" izango da, nahiz eta jarraipen puntuala izan dezaketen beharrezkoa ikusten duten kasuek, eta konfinamendu epeari psikologikoki modu egokian aurre egiteko jarraibide eta estrategiak eskainiko dituzte.
Deiak elkargoak kudeatuko ditu, 10:00etatik 14:00etarako ordutegian. Ondoren profesional bati esleituko zaizkio kasuak, bai goizeko ordutegian eta baita arratsaldekoan ere.
Laguntza psikologikorako arreta telefonoa 692 566 160 da.