Lasarte-Oriako Babes Sarea, teknologia berrien bidez saretzen

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 1a, 15:00

Esate baterako, herritarrei erosketak egiten laguntzen diete Babes Sareko kideek. Arg.: Txema Vallés

Euskal Herriko beste hainbat herrietan bezala, salbuespen egoera honi modu kolektibo eta komunitario batean erantzuteko asmoz Lasarte-Oriako Babes Sarea sortu da. Ematen ari diren pausoak eta herriarengana zuzentzeko hainbat bide jarri dituzte martxan. Horietako bat Palmondo Irratia izango da

Lasarte-Oriako Babes Sarea martxan da. Martxoaren 15ean hasi zen herriko boluntario taldea lanean. Oraingoz eskaera gutxi izan ditu, baina Babes Sarearen funtzionamendua geratu ez dela jakitera eman du ekimenak.

Komunikatiboki lan handia egiteko dagoela uste du sareak. Hori dela eta, hainbat bide ireki ditu herritarrek sarearen berri izan eta identifikatutako beharretako bati aurre egiteko, egoera nahaskor honen aurrean kritikotasuna sustatzeari.

Esate baterako, irrati bat jarriko dute martxan, Palmondo Irratia. Lehen saioa, larunbat honetan, apirilak 4, 12:00etan izango da. Bertan irratiaren funtzionamendua, helburuak, oinarriak eta beste hainbat kontu azalduko dira. Zuzenean igorriko da irrati saioa stream.maritxusarea.eus:8000/palmondoirratia loturan. Saioak larunbatetan 12:00etan eta asteazkenetan 20:30ean izango dira. Proposamenak bidali edota parte hartu nahi izanez gero palmondoirratia@riseup.net helbidera bidali behar da mezua. Instagramen ere berriak jaso eta podcastak entzun ahalko dira palmondoirratia izenaren bitartez.

Telegram kanal bat ere zabaldu dute, t.me/LasarteSaretzen. Bertan albiste, informazio, iritzi-artikulu, etab. desberdinak jarriko dituzte kanalera batzen diren herritarren eskura. Harremanetarako bide bezala ere baliatuko dute,

Eta herriko elkarte guztiei haiei buruzko informazioa helarazi diete, horien bazkide eta lagunen artean partekatzeko. Bertan beharrak dituzten herritarrei 663 229 676 telefono zenbakia euren eskura jarri dutela jakinarazten zaie.

Sarea sortzen

Martxoaren 15ean babes sareari forma ematen hasi zen Lasarte-Oriako herritar talde bat. Ordutik hona jende ugari batu da sarera eta gaur egun 50 herritarrek osatzen dute Babes Taldea.

Sareak medio nagusietatik jasotzen diren mezuak indibidualistak eta norbanakoaren zaintzan zentratuak daudela-eta, zailtasun egoera ugariri erantzun azkar bat ematea eragozten duela salatzen du, “are gehiago zenbait egoerari bakarrik erantzun ezin zaienean: izan adinarengatik, izan lanarengatik edota baliabide murritzengatik”.

Horregatik lanean hasi eta herritarren beharrak identifikatu ditu sareak: oinarrizko produktuen erosketa; lan kargarengatik, zaintza lanak egiteko zailtasunak izatea; nekazarien jarduna indartzea; bakardade sentsazioaren aurrean zaintza telefoniko bat ematea eta egoera nahaskor honen aurrean kritikotasuna sustatzea.

Babes taldearen jarduerak irizpide zehatzak dituela jakitera eman dute. Babes sareko mediku eta erizainek egindako osasun protokolo batzuk jarraitzen dituzte eta zaintza lanetarako ere protokolo bat ezarri dute. Horrez gain, erosketa herriko denda txikietan egin, eta posible den neurrian, inguruko nekazarien elikagaiak eskuratuko dituztela jakitera ematen dute.

Hori guztia aurrera eramateko, auto-antolaketaren garrantzia azpimarratu nahi dute. “Egoerak koordinazioa ez duenez errazten, auzoka edo komunitateka bakoitza bere aletxoa jartzen saiatuko gara, gertutasuna lehenetsiz”.

Egoera egun batetik bestera aldakorra dela ikusita, sare zabala izatea ezinbestekoa dela uste dute ekimeneko kideek. Horregatik, herritarrak sarera batzea gonbidaten dituzte, "lasartekobabestaldea@gmail.com helbidera mezu bat bidaltzea besterik ez da".