Euskara ikasteko diru laguntzen berri eman du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko api. 1a, 11:05

67.260 euroko poltsa du Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak sei diru laguntza lerrotara bideratzeko. Diru poltsaren zati handiena, 60.000 euro, euskara ikasteko beketara zuzenduko dute

Lasarte-Oriako Euskara-Zerbitzuak diru laguntzen deialdiaren berri eman du. Jakinarazi dute aurtengo diru sortaren kopurua: 67.260 euro. 

Euskara ikasteko bekek hartuko dute diru sortaren zatirik handiena; guztira, 60.000 euro. 2019-2020 ikasturtean euskara ikasten aritu diren herritarrek matrikula prezioaren %85 arteko beka jaso dezakete, baina diru laguntza hori jasotzeko zenbait baldintza bete beharko ditu eskatzaileak; Lasarte-Orian erroldatuta egon beharko du, eta gutxienez %85eko asistentzia bete behar da . Ikastaroa bukatu eta hurrengo hamabost egunen barruan aurkeztu beharko dute interesatuek eskaera.
Hauek izango dira diruz lagunduko diren ikastaroak: euskaltegiko ikasturtean zeharreko ikastaroa, gutxienez 80 ordukoa; barnetegia, gutxienez hilabete jarraian baldin bada; eta udako ikastaroak. 

Horrez gain, unibertsitateetako udako ikastaroak euskaraz eginez gero, matrikularen %50 arteko diru laguntza jaso ahalko da. Unibertsitateko ikasleek, langabetuek eta erretiratuek jaso ahal izango dute beka hori. Interesatuek urriaren 31rako egin behar da eskaera.

Aisiako begirale eta zuzendari titulua ateratzen dutenek ere eska dezakete diru laguntza. Iragan urteko irailaren 1aren eta aurtengo abuztuaren 31 bitartean begirale edo zuzendari ikastaroa ateratzen dutenei dago zuzendua. Matrikularen %50 artekoa izango da kopurua; begiraleentzat gehienez ere 250 euro, eta zuzendarientzat, berriz, 150 euro.

Gidabaimenaren zati teorikoa euskaraz ateratzea bultzatzeko ere laguntzak ematen jarraituko du udaleko Euskara Zerbitzuak. 2021eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean teorikoa euskaraz gainditu dutenek parte hartu ahal izango dute zozketan, eta irabazleak teorikoaren matrikularen balioa eskuratuko du, gehienez 400 euro. Zozketa 2021eko urtarrilean egingo da. 

Enpresetako eta elkarteetako jarduera puntualak euskalduntzeko laguntzak ere zehaztu dituzte aurten. Besteak beste, errotuloak (kostuaren %50, gehienez 300 euro), irudia korporatiboa (kostuaren %50, gehienez 200 euro), web orria (kostuaren %50, gehienez 450 euro), programa informatikoak (kostuaren %50, gehienez 200 euro), eta kanpoko erabilerarako dokumentazioa (kostuaren %50, gehienez 300 euro) euskalduntzeko laguntzak izango dira.

Azkenik, Baietz Gurean programa finantzatzeko 2.100 euro zehaztu dituzte. Buruntzaldeako udalerrietan dauden hamar langile baino gehiagoko enpresetako jarduerak euskalduntzea du helburu programa horrek. 

Deialdi bakoitzaren inguruko eta eskaera orrien berri nahi duenak udalaren web orrialdean eskuratu dezake informazio gehiago. Euskara Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko 943 376 184 telefono zenbakia eta euskara@lasarte-oria.eus helbidea ere jarri dituzte.