Hankaz gora jarritako ikasturte amaierari neurria hartu nahian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 31a, 12:08

Ibai Iribar, Elene Arruti eta Beñat eta Ainara del Olmo anai arreben testigantzak bildu ditu TXINTXARRI aldizkariak. Koronabirusa dela-eta, etxetik jarraitzen ari dira ikasketa prozesua, eta bideo bana igorri dute eguneroko "ezohikoa" nolakoa izaten ari den azalduz

Lasarte-Oriak Batxilergoko 2. mailako ikasleek ezin imajina zezaketen kurtsoaren azken txanpa etxean sartuta amaituko zutenik. Koronabirusaren ondorioz, egun batetik bestera ikastetxeak itxi, eta zailtasunak zailtasun, etxetik ari dira ikasketa prozesua jarraitzen.

Errutina mantentzen saiatzen ari dira Ibai Iribar, Elene Arruti eta Ainara eta Beñat del Olmo anai arrebak, baina lauak bat azaldu dute zenbait zailtasun gainditu behar dituztela etxetik ikasketekin eguneratuta jarraitzeko.

 

 

Ikasketa prozesua "zailagoa" dela azpimarratu du Iribarrek. Irakasleekin etengabeko harremana mantentzen ari direla azaldu du. Irakasleek jarritako lanak ordu eta egun jakin baterako entregatu behar dituztenez, irakasleek ikasleen jarraipena egin ahal izateko.

Prozesu honetan teknologia berriek "egoera erraztu" egin dutela aitortu du ikasleak, baina Koronabirusak eragindako egoera dela-eta, ikasketa prozesuaren datak, unibertsitaterako sarbidea neurtzen duen frogarena, besteak beste, atzeratu egin dute, eta horrek eragin zuzena izango du bigaren batxilergoko ikasleengan: "Ikasleok nahiago dugu ekainean azterketa guztiak amaitu eta udaz gozatzea, baina egoera honek eragingo digu horretan ere". 

 

 

Egoera berean dago Elene Arruti ere. Bera ere irakasleekin harremana mantenduz jarraitzen ari da egunerokoarekin, eta azaldu du institutuan jarraitu behar zuten gai zerrenda berarekin ari direla lanean, baina erritmoa "moteldu" egin dela. : "zenbait irakasgaitan gaien ordena aldatu egin da, baina ikastetxean baino mantsoago ari gara egoerak hala behartuta".

Unibertsitatera sarbidea neurtzen duen froga uztaila hasierara aldatu izanak ez du kezkatzen Arruti, baina badu azterketa horren inguruko beste kezka bat: "gaiak behar bezain ondo lantzeko aukerarik ez izateak kezkatzen nau". 

 

 

Beñat eta Ainara del Olmo anai-arrebek ere bizipen berak partekatu dituzte. Azken bi asteak "zailak" izan direla nabarmendu dute. "Irakasleekin aurrez aurreko harremanik ez izateak ikasgaiak ulertzeko eta ikasteko prozesua zaildu egiten du". Aipatu dute, ordea, lagungarria zaiela etxe berak bi pertsona egoera berdinean izatea: "Elkarri laguntzen diogu". 

Beñatek aitortu du, etxean geratzeko agindua eman zuten unean ohartu zela arazoa "serioa" zela, eta orain, etxetik atera ezinik dagoen une hauetan, senide eta lagunekin elkartzeko aukerarik ez izateak "frustrazioa" sentiarazten diola.