Eskola Kirola egitasmoa, beste hamabost egunez geldirik

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 30a, 16:30
Itxialdia hasi aurreko azkeneko topaketetako bat. Errugbia ezagutu zuten Eskola Kirola egitasmoko gaztetxoek, Beltzak eskolaren eskutik. Argazkia: Eskola Kirola.

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du gutxienez beste bi astez luzatuko duela Eskola Kirola egitasmoaren etenaldia, iragan larunbatean Espainiako Gobernuak onartutako dekretuarekin bat eginez. Diputazioaren esku dauden konpetizio federatuei ere eragiten die erabaki horrek.

Aldundiak jakinarazi du harremanetan dagoela Gipuzkoako kirol arloko eragileekin, telematikoki, baloratzeko zenbateraino eragiten ari den Covid-19ak eragindako egoera lurraldeko kirol egitasmoetan. Kirol Zerbitzua eta bulegoak lanean ari direla nabarmendu du, eta telefono zein e-posta bidez ari direla zalantzak eta bestelako kontuak erantzuten. Etenda dago aurrez aurreko zerbitzua.