Osasun krisiari aurre egiteko hartu diren "euste-neurriek" (etxeko konfinamendua, besteak beste) krisi ekonomikoa sortu dutela argi azaldu du Erauskinek, eta gaineratu du, neurri horiek “berandu” iritsi direla. Neurriak berandu hartzearen zergatiak ere azaldu ditu. “Gobernuak bi alternatiba izan ditu mahai gainean; alde batetik osasuna irabazi, jarduera ekonomikoa murriztu eta Barne Produktu Gordina (herrialde baten jarduera ekonomikoa neurtzeko zuzeneko informazioa ematen duen magnitudea) galtzea; eta beste alde batetik, osasuna galdu, jarduera ekonomikoarekin jarraitu eta Barne Produktu Gordina mantentzea.
Alternatiba horien aurrean, hasieran, agintari politikoek bigarren aukerari eutsi bazioten ere, “osasun-egoeraren okertze nabaria” gertatu, eta ordura arteko norabidea aldatuz, osasuna zaintzeari leku gehiago ematen hasi dira, “konfinamendua agindu duten arte”. Hortik aurrera, eta martxoaren 28ra arte, geroz eta konfinamendu neurri gogorragoak ezarri dituzte, eta horren ondorioz, krisi ekonomikoa gogorragoa izan daitekeela azaldu du herritarrak.
Jarduera ekonomikoa murriztearen zenbait ondorio
Analisi bat egin du. Jarduera ekonomikoa guztiz murriztuko balitz, astero Barne Produktu Gordina %2 (puntu portzentualetan) jaitsiko litzateke, eta adibide bat ere gehitu dio: lau astez %50a itxita eta beste lau astez %25a itxita, Barne Produktu Gordina %6 jaitsiko litzateke.
Azken egunetan egindako estimazioek Espainiako Barne Produktu Gordina %4 eta %10 inguruan jaitsi daitekeela ere iragarri du, eta Espainiako Gobernuak atzo hartutako funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko azken erabakiak kostu ekonomikoa “areagotu” egingo duela azpimarratu du. Magnitude horien garrantziaz hobeto jabetzeko, aurreko krisian gertatutakoarekin datu alderaketa bat bat egin du: Barne Produktu Gordina %3,8 murriztu zen 2009an Espainian.
Egoera horren aurrean gobernuak kostu ekonomiko horrek “ahalik eta iraupen txikiena” izateko saiakera egin behar duela uste du Erauskinek: “Politika ekonomikoak ezin du krisi ekonomikoa erabat ezabatu, baina saiatu behar dira kalte ekonomikoa ahalik eta txikiena izan dadin neurriak hartzen”.
Gaur arte Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak “herritarrengandik eta enpresa txikiengandik” gertuen dauden zenbait neurriren berri ere eman du lasarteoriatarrak:
- ERTEen erabilera: Euskadin 100.000 langiletik gora daude egoera horretan. Enpresatik suspentsio-egoeran sartu eta langabezia-saria kobratzeko aukera ematen du.
- Espainiako Gobernuak autonomoentzat gizarte-kotizazioak ez ordaintzeko aukera eskaini du, zenbait kasutan.
- Espainiako Gobernuak autonomoentzat eta enpresari txikientzat “aparteko diru-sarrerak” aurreikusi ditu, salmentak asko jaisten badira.
- Eusko Jaurlaritzak autonomoentzat eta enpresari txikientzat, kotizazioak ordaintzeko eta lokalen alokairua ordaintzeko laguntzak (Lanbide) eskaini ditu.
Neurri horiek krisia “leuntzen” lagundu dezaketela uste du, baina horiek aplikatzea ez da nahikoa berarentzat: “Neurri gehiago hartu behar dituzte, eta azkar”.
Herriko komertzioengan eragin zuzena
Krisiak bete-betean harrapatu ditu herriko komertzio txikiak eta ertainak, eta horiengan eragin “nabarmena” izango duela azpimarratu du ekonomia irakasleak: “Negozio horien diru-sarrera 0 izaten ari da ixteko agindua jaso zutenetik, eta Espainiako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak mahai gainean jarritako neurriak lagungarri izan daitezkeen arren, komertzio txiki zenbaiten jabeek onurarik lortuko ez duten susmoa dut, neurri horiek gehien behar dutenen errenta baino, arlo finantzarioa hobeto estaltzen baitute" .
Datozen egunetako bilakaera aurreikustea “zaila” da irakaslearentzat, osasun-krisiaren gorabeherek markatuko baitu bilakaera ekonomikoa ere.