Bi aste dira Espainiako Gobernuak alarma egoera eta itxialdia ezarri zituenetik. Herritarren mugimendua mugatuta, koronabirusaren hedatzea moteltzea zuen helburu; kutsatu kopuruaren kurbak joera alda dezan lehenbailehen. Erabakiaren lehen emaitzak igartzen hasi omen dira eta goiko muturrera heldu den jakiteko bihartik aurrerakoa aste erabakigarria izango dela diote agintariek. Edonola, ezohiko egoerak, gutxienez, apirilaren 11 arte iraungo du.
Herriko egoera
Martxoaren 18tik Osakidetzak koronabirusaren hedapenari buruzko informazioa hainbat ataletan xehatuta ere argitaratzen du txosten batean. Besteak beste, udalerri eta osasun eremu bakoitzari buruzkoak datuak daude, bilakaeraren jarraipena egiteko aukera emanez.
Lehen dokumentu horrek herrian kasu bat zegoela ezagutarazi zuen. Hurrengo egunean, laura igo zen kopurua, horietako bi Astobakar zahar egoitzako langileak. Egoera bere horretan mantendu da astelehena arte, eta azken hiru egunetan, bikoiztu egin da birusak kutsatutako herritarren kopurua.
Eguna | Lasarte-Oria | Lasarte-Usurbil | Eguna | Lasarte-Oria | Lasarte-Usurbil |
Mtx 18 | 1 | 1 | Mtx 24 | 5 | 7 |
Mtx 19 | 4 | 5 | Mtx 25 | 5 | 7 |
Mtx 20 | 4 | 5 | Mtx 26 | 7 | 10 |
Mtx 21 | 4 | 5 | Mtx 27 | 9 | 13 |
Mtx 22 | 4 | 5 | Mtx 28 | 13 | 19 |
Mtx 23 | 5 | 6 |
Gorakada orokorra
Otsailaren 28an diagnostikatu zituzten lehen bi COVID-19 kasuak Euskal Autonomia Erkidegoan: Milanen (Italia) izandako gazte gipuzkoar bat eta Andaluzian izandako Txagorritxu ospitaleko (Gasteiz) mediku bat. Hilabeteko tartean egoera erabat bestelakoa da. Arabak pairatu du lehen asteetan pandemiaren txarrena, baina orain Bizkaia da kezka gune nagusia.
Itxialdiaren hasieran, Araban 399 lagunek zuten koronabirusa, Bizkaian, 134k, eta Gipuzkoan, 58k. Bi aste geroago, 1.947, 2.776 eta 1.017 dira, hurrenez hurren. Gipuzkoan motelagoa izan da bilakaera, beste bi lurraldeekin alderatuta. Aste honetan egin du jauzi nabarmena, izan ere, 635 kutsatu berri daude astelehenetik. Gainera, orain arteko egun latzena osteguna izan zen, orduan, 143 positibo atzeman baitzituzten.
Azken kontaketaren arabera, 5.740 pertsona daude kutsatuta, larunbateko 20:00ak arte 604 baieztapen gehitu baitzituzten. Hildakoak 265 dira eta osatutakoak eta alta emandakoak, berriz, 1.503. EAEko ospitaletan 1.769 kutsatu daude. Horietako 167 Donostia Ospitalean daude, 135, gelan; 32 Zaintza Intentsiboko Unitatean. Halaber, 35 alta eman zituzten atzo.
Beste datu esanguratsu batzuk:
Gaur arte metatutako datuekin osatutako profilari dagokionean, 5.740 positiboetan emakumezko (% 52) eta gizonezkoen (%48) artean ez da ia alderik. Adin tarteei erreparatuta, kutsatutako gehienak 50 eta 90 urte artekoak dira.
- 50-59 urte: %19
- 60-69 urte: % 17,6
- 70-79 urte: %16,2
- 80-89 urte: %12,3
Adinekoengan eragin larriagoa duenez, 80 urtetik gorakoengan da hilgarrien, % 37,1, bereziki, gizonengan.
Orain arte, 14.071 test egin dituzte erkidegoan, 1.400 atzo bakarrik. Milioi biztanleko egindako proben batez bestekoari dagokionean, 6.430 test egin dira, Italiaren pare, eta Alemania, Herbehereak, Frantzia edota Erresuma Batuaren aurretik.