Euskal Autonomia Erkidegoan 5.136 lagun dira COVID-19 koronabirusak kutsatutakoak. Alegia, atzo EAEn egindako 1.178 testei esker, 535 baieztapen berri izan ziren. Osasun sailburu Nekane Murgak ezagutzera eman ditu pandemiaren hedapenari buruzko datu esanguratsuenak; baina eguneraketa xeheagoa gaurko txostenean ikus daiteke.
Lurraldeka, Bizkaian daude gaixo gehien, 2.463; Araban, berriz, 1.779 dira, eta Gipuzkoan, 894. Kasu berrien banaketa ere hurrenkera berean izan da: Bizkaian 277 atzeman dituzte; Araban, 169, eta Gipuzkoan, 89. Azken horietako bi Lasarte-Orian. Horiek batuta, guztira, bederatzi dira COVID-19ak kutsatutako herritarrak. Lasarte-Usurbil osasun eremuan, aldiz, hamahiru dira gaixoak.
EAEko ospitaletan 1.722 lagun daude, horietako 159 Donostiako Ospitalean, 30 Zaintza Intentsiboko Unitatean. Alde onean, osatu diren eta alta jaso duten pertsonak, orotara, 1.023 dira; txarrean, berriz, 34 gaixo hil dira eta kopuru osoa 241 da.
COVID-19.EUS aplikazioa
Datuez gain, gaurko agerraldian Eusko Jaurlaritzak eskuragarri jarri duen aplikazio baten berri ere eman dute. COVID-19.eus app-ak birusaren prebentzioa, atzematea eta jarraipena erraztea du xede.
Erabiltzaileak hura jaitsi eta profila sortu ondoren, autodiagnostiko baten bidez, bere osasun egoera osa dezake. Jarraian, inguruko pertsonak gehi ditzake haiekin harremana izan eta beren egoera ikusteko.
Osasun Sailari eta Osakidetzari dagokienean, berriz, etxean sintomekin dauden lagunen berri izatea eta jarraipena egitea ahalbidetuko die, beti ere, modu anonimoan. Horri esker, "hobeto eta hurbiltasun handiagoaz” aratzeko aukera izango dute osasun profesionalek.
Halaber, epidemiologia taldeen lanerako ere lagungarria izango da, kasuak non dauden kokatu eta behar izanez gero, transmisio handiko eremuetan diagnostikorako eta jarraipenerako esku hartze indibidualizatuagoak egin ahal izango dituzte.
Osasun Sailak berretsi du ebidentzia zientifikoan oinarritua dagoela aplikazioa eta "berme guztiak” betetzen dituela.