Euskal Autonomia Erkidegoan 4.601 pertsona kutsatu daudela jakitera eman du Osasun Sailak gaurko agerraldian; horietatik 655 atzo baieztatu ziren. Ofizialki Covid-19 birusa duten kopuru handia etxean daude berrogeialdia igarotzen, baina 1.565 pertsona ospitalean artatu dituzte birusak sortutako ondorioak direla-eta.
Lurraldeka, Bizkaian, 2.186 kutsatu daude, atzo 336 baieztapen izan ziren eta 994 pertsona daude ospitaleratuak. 1.610 koronabirus kasu daude Araban eta 343 artatu daude ospitalean. Atzo 175 pertsona gehiago batu ziren kutsatuen zenbaketara. Gipuzkoari dagokionez, 144 baieztapen berri izan ziren. Horietako bi Lasarte-Oriako biztanleak. Guztira 805 kutsatu daude gure lurraldeak eta horietatik ospitaleratuak 228 pertsona dira.
27 heriotza berri izan ziren atzo birusaren ondorioz eta datu hori kontuan izanik, EAEko kopurua 207 heriotzetan dago.
Datu positibok ere nabarmendu dituzte. EAEn, 109 pertsonek gainditu dute gaitza eta 705 pertsonek ospitala utzi dute.
Datu hauek guztiak eta gehiago, egunero argitaratzen duten txostenean aurki daitezke.
Honez gain, egoera larri honen aurrean birusaren detekzio goiztiarra nabarmendu dute. 11.500 proba egin dituzte, EAEn; azken astean 1500 bat egin dituzte eguneko eta emaitza azkarrago eman dezakeen proban lanean ari direla ere jakitera eman dute.
Ospitaletatik sendagiak jasotzen dituzten herritarrei ere ohar bat helarazi diete. Osakidetzak ospitaleko farmaziara joateko hitzordua jakinaraziko die telefonoz eta bi hilabetetarako sendagaiak emango zaizkio. Hitzordura joan ezinez gero, ospitaleko farmaziarekin harremanetan jarri eta sendagaiak etxera bidaliko direla jakinarazi dute.
Koronabirusaren hedapena eremuka jarraitzeko mapa ere martxan jarri dute webgunean.