Lorena Zabala: "Atsegingarria da lanak fruituak ematen dituela ikustea"

Nerea Eizagirre 2020ko mar. 28a, 09:00

Lorena Zabala (Lasarte-Oria, 1989) herritarrak Gasteizko Sumendi izotz-hockey taldean jokatzen du. Aurtengoa ez da denboraldi erraza ez Zabalarentzat, ezta Sumendirentzat ere. Zabalak lepauztailetako bat hautsi zuen entrenamendu batean abenduan; Sumendi Iberdrola Ligako ateetan geratu zen eta koronabirusa dela eta, ezin izan du Kopako lehiaketa jokatu. Iaz, berriz, Liga eta Kopako finalean izan zen taldea; Zabala Munduko txapelketan ere lehiatu zen. Herritarrarekin hitz egin dugu, egungo egoera eta iazko denboraldia gainbegiratzeko

Denboraldi erdia jokatu ahal izan duzu. Pena bat da lesio izatea, ¿aurreko urteetako aurreikuspenak zenituen?

Bai, horrela zen. Denboralditik denboraldia talde bezala hobetzen goaz eta indibidualki ere garapena nabari da. Fisikoa zaintzen degu, elikadura eta errutinak zorrotz jarraitzen ditugu eta hori jokoan nabari da.

Aurten Ligako azken faserako sailkatu zarete baina Valdemorok finaleko ateak itxi dizue. Sumendik denboraldi ona egin du. Talde lan handia egin du, baina beste kirol guztietan bezala defentsa lana garrantzitsua da.

Izotz-hockeyan beste kirolean bezala golak sartu behar dira, baina defentsa lan ona egon behar da. Defentsa ona egitea ez da bakarrik arerioak golik ez egitea, erasoak ere lantzea da. Jokaldi onenak defentsako jokalarietatik hasten dira.

Aurten finala Valdemoro-Majadahonda da, iaz Sumendi izan zen Majadahondarekin batera garaikurra jokatu zuena. Gol bakarra egin diozue aurten eta iazko denboraldian ez zenioten golik egitea lortu; kopan, ordea, hiru. Arerio gogorra da Madrilgo taldea, ezta?

Bai, horrela da. Ligako talderik indartsuena da. Jokalari asko ditu eta eskarmentu handikoak dira. Klubak baliabide eta babesle asko ditu. Bidaiak egiteko, esate baterako, autobusa dute. Gure kluba bestelakoa da. Txikia da eta guraso talde batek kudeatzen du. Ahal duten guztia egiten dute.

Koronabirusa dela eta, denboraldia amaitutzat eman da. Ligako finala hiru partidara jokatzen da eta bakarra lehiatu da; kopa lehiaketan ezin izan duzue parte hartu…

Bai, martxoaren 24n jakin arazi zuten lehiaketa guztiak bertan behera geratzen zirela. Atzeratu dituzten partidak bakarrak Liga finalekoak izan dira Europako lehiaketa ezberdinerako sailkapena jokoan baitago. Horiek irailean jokatuko dira.

Nire ustez hartu duten neurria normala da. Izotz pista gehienak maiatzean atek ixten dituzte eta ezingo genuke ez entrenatu, ezta jokatu ere.

Zer suposatu du etenaldiak Sumendirentzat eta jokalarientzat?

Etenaldia egingo zela jakitera eman zutenetik, taldeko kideak astean hiru edo lau egunetan lan fisikoa edo yoga egiteko geratzen gara, Skype bidez. Helburu bikoitza du, batetik forma mantentzea eta bestetik taldearekin harremana mantentzea.

Hau erronka pertsonal handia da jokalarientzat. Ez da erraza forman mantentzea eta Skypeko hitzorduak garrantzitsuak dira horretarako. Laguntza handikoak dira, talde lotura mantentzen da, entrenatzen duzu, entretenitzen zara. Eta batez ere, guztia normaltasuna bueltatzean taldearen alde borrokatu eta zure hoberena eman beharko duzula gogorarazten dizu.

Sumendi klubarentzat Kopa lehiaketa erdira uztea suposatzen du. Baina ez gara talde bakarra eta bizi dugun egoera ikusita, ez dut uste garrantzia handirik eman beharko litzaiokeenik. Lehiaketak bertan behera uztea bigarren mailako kezka da oraintxe bertan.

Lorena Zabala aurtengo denboraldiko paridan jolasean. Arg.: Sumendi izotz-hockey taldea

 

Beraz, hurrengo denboraldi berriari begira egongo zarete dagoeneko. Etenaldirik egiten al duzue?

Normalean lan serioa abuztu erdialdean hasten da. Baina egia da ez dugula urte osoan zehar atsedenik hartzen. Udaberrian eta udan patin-hockeyan ibiltzen gara (entrenamenduak, udako lagunarteko txapelketak…) eta lan fisikoa ere egiten dugu.

Aurten denboraldia erdia bakarrik jokatu duzu, 2018-2019 denboraldian, ordea, askotariko bizipenak izan zenituen: Liga eta Kopako finala, Munduko txapelketa ,etb.

Bai, urte biribila izan zen. Emaitzek ere lagundu zuten eta Munduko txapelketan egon nintzen.

Entrenamendu eta ahalegin handien ondorioa izan zen nire ustez. Atsegingarria da lanak fruituak ematen dituela ikustea.

Iaz Ligan 16 partida jokatu zenituen, 13 laguntza lan eta 6 gol eginez. Aurten gol bat egin zenuen. Ohikoa da defentsa batek golak egitea?

Ez dira aurrelari batek sartzen dituen haina gol, baina ohikoa da. Gure lana gol jokaldia sortzea da eta aukerarik badago jaurtiketa zuzena egitea. Izan ere, asko errebote bihurtzen baitira. Eta izotz-hockeyan gol gehienak erreboteei esker sartzen dira.

2018 urtean, Espainiako selekzioak maila igoera lortu zuen. Iaz, Dumfrisen, Eskozian jokatutako Munduko txapelketan brontzea lortu zenuten. Ongi hasi zenuten lehiaketa bi garaipenekin, baina gerora zaildu zen...

Bai, gehiago lortzeko aukera izan genuen, baina pozarren gaude eskuratuko emaitzarekin. Harro gaude egin genuen txapelketaz. Partidaz partida guztia alda zitekeen eta zirraragarria izan zen. Inoiz ahaztu ezingo ditugun bizipenak eta sentipenak izan genituen eta zorionekoa naiz bizi ahal izateagatik.

Herritarra 2019 urteko Munduko txapelketako partida batean. Arg.: @karl_denham

Sumendiz gain, beste euskal talde bat dago Ligan, Txuri-Urdin hockey taldea. Taldeen arteko lehia handia da?

Beste taldeekin izan dezakegun lehiaren antzekoa dela esango nuke. Duela denboraldi batzuk talde bakarra zegoen Euskadin, Txuri-Urdin; Gasteizen Sumendi taldeak ez zuen emakumezkoen talderik, taldeko kide asko bertan izan ginen jolasean eta beraz, Txurin lagunak ditugu.

Bi talde hauei esker, Euskadin izotz-hockey maila altua dagoela esan daiteke...

Dudarik gabe, horrela da. Gainera, jokalari gazteak maila hori gainditzeko gai direla da hoberena. Belaunaldi berriek etorkizun handia dute.

Izotz-hockeya ez da jendetza handia biltzen duen kirola gurean, baina beste herrialdeetan kirol ezagutua da eta horretatik bizi dira kirolariak. Zure kasuan nola uztartzen dituzu entrenamenduak, partidak eta lana? Zeintzuk dira zailtasun nagusiak?

Denda batean egiten dut lan, beraz, ordutegi horren arabera moldatzen naiz. 20:00etan ateratzen naiz lanetik eta 21:00etan iristen naiz entrenamendu saioetara. Nik zortea dut horrela egin ahal izateaz, beste jokalariak okerrago dabiltza.

Partidak ditugunean, berrriz, asteburua konturatu gabe doa igatzen da. Izan ere, esate baterako, Granadaraino joan behar baikara. Gure ibilgailuetan, gainera. Hori igaro eta aste osoan asteburuko nekeari buelta ematen saiatzen zara…

Horretaz gain, jokalariak gure taldean eta talde nazionalean ahal dugun heinean kostuak murrizten saiatzen gara. Kontuan izan behar da lehen maila nazionalean ari garela jokatzen eta mundu mailan, bigarren mailako A taldean. Egoera dela ere, emaitzak primerakoak dira.

Horregatik, emakumeei edo neskei kirol hau probatu eta atzean dagoen guztiaz gozatzera gonbidatzen ditut.