Astebetez luzatuko dute denboraldia, berrikuntzekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 26a, 10:23

Milaka pertsonak eskaintzen diote tartetxo bat egunero 'Egunean Behin' lehiaketari. Jokalari askok eskatu dute, itxialdia dela eta, lehiaketa luzatzea, formatuz aldatzea, hamar galdera horiek areagotzea... Code Syntax enpresak, aplikazioaren egileak, jaramon egin die, eta astebetez luzatu du denboraldia: apirilaren 5ean bukatuko da. Hainbat berrikuntza iragarri dituzte.

Hamar galdera, gai askotakoak. Egunean behin. Euskaraz. Code Syntaxek garatutako aplikazioak sekulako arrakasta izan du Euskal Herrian: otsailean hasi den denboraldi berrian ia 100.000 pertsonak jokatu dute partida bat gutxienez. Horietako asko Lasarte-Oriakoak dira ─herriko hainbat gaztek Lasarte izeneko talde bat sortu dute; 110 erabiltzaile batu dira orain arte─. Koronabirusak eragindako egoeragatik etxean egon behar duten honetan, jokalari askok eskatu dute denboraldia luzatzea, hamar galdera baino gehiago erantzun ahal izatea, egunean behin baino gehiagotan jokatu ahal izatea... Egileek jaramon egin diete, eta astebetez luzatu dute lehiaketa, apirilaren 5era arte, igandea. Berrikuntza gehiago iragarri dituzte: Egunean Behin ber bi formatua aurkeztu dute.

'Egunean behin ber bi'

Martin Lizarralde marketing arduradunak aipatzen duenez, gizarteak uneotan bizi duen egoerarekin egileek ezin zuten "denboraldia bukatu da" esan eta kitto. "Ez zaigu ganorazkoa iruditzen". Hori dela eta, Egunean behin ber bi, BERrogeialdiko astea aurkeztu dute, zenbait berrikuntzarekin. 

  • Astebetez luzatuko dute denboraldia: apirilaren 5ean bukatuko da, igandea.
  • Egunero partida bat jokatzen segiko dute erabiltzaileek; aldaketarik ez horretan.
  • Txapelketa egunerokoa izango da, ez astebetekoa. Sailkapena egunero berrituko dute.
  • Asteartetik aurrera zuzeneko partida bat jokatuko dute 19:00etan, horretara sailkatzen diren 150 lagunekin.
  • Zuzeneko partida horietara sailkatuko dira bezperako 50 onenak eta 100 pertsona gehiago, zozketa bidez. Jakinarazpena bidaliko zaie denei, eta aplikazioan bertan ikusiko dute zuzenekora sartzeko botoia.
  • YouTube bidez jarraitu ahalko da zuzenekoa, Egunean Behin kanalean. Hiru Damatxo kooperatiba arduratuko da emanaldiez. Nork aurkeztuko dituen ere erabaki dute, baina ez dute iragarriko oraindik. Saioak 15-30 minutu artekoak izango dira.
  • Erabiltzaile guztiek jakinarazpen bat jasoko dute zuzeneko partidak hasi aurretik, YouTubera sar daitezen.

Denboraldi honetako finala apirilaren 4an jokatu behar zuten, larunbatarekin, Durangoko Plateruenan. Egoera zein den ikusita, ordea, bertan behera utzi behar izan dute ekitaldia, ezinbestean.