Ia 600 koronabirus kasu berri EAEn

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 25a, 16:16

Koronabirusaren osasun krisiari buruzko datu eguneratuak eman ditu Osakidetzak. EAEko hiru lurraldeetan 543 pertsona gehiago kutsatu dira; horietatik 110, Gipuzkoan. Guztira, 3.271 gaixo daude; hil egin dira 155 pertsona, eta 407 sendatu. Lasarte-Orian, ofizialki behintzat, ez da inor gehiago kutsatu: bost positibo antzeman dituzte orain arte.

Martxoaren 24koak dira datuak, atzo arratsaldeko zortzietakoak. Horien arabera, EAEn 3.271 pertsona kutsatu dira Covid-19arekin. Horietatik 543, atzo. Gehienak, Bizkaian: 312. Gipuzkoan 110 kasu berri antzeman dituzte. Lasarte-Orian, oraingoz, aldaketarik ez: ofizialki, bost pertsonak daukate koronabirusa. Lasarte-Usurbil osasun zonaldean sei pertsonak positibo eman dute.

Datu gehiago: kutsatuta dauden 3.000 pertsona pasatxo horietatik 407k alta jaso dute, eta 155 hil egin dira. Osakidetzak zehaztu du 8.735 azterketa egin dituztela orain arte, aztertuek Covid-19a daukaten edo ez jakiteko. Horietatik 1.199 atzo egin zituzten.