Lasarte-Oriako Elkartasun puntadak ekimena da maskarak egiten ari den taldeetako bat.
Maskaren beharra egon zitekeela ikusirik Elkartasun puntadak ekimena lanean hasi zen. “Komertzioak, pertsona adinduak… beharrak aztertu eta martxan jarri ginen. Batez ere, talde zaurgarriak ditugu helburu. Lasarte-Oriako Atsobakar zahar egoitzean beharko balituzte ere, egingo genituzke,” azaldu du Carmen Alba ekimeneko kideak.
Maskara berrerabilgarriak eta etxean garbitzeko moduak ari dira egiten. Horiek egiteko elkartasun taldeak, hala nola, beste proiektu baterako zituen Togoko herrialdetik ekarritako oihalak ari da erabiltzen. Beste material batzuk ere eskuragarri izan ditu eta horretarako, herriko hiru mertzeriaren laguntza baliagarri izan da.
Egun 16 pertsona ari dira lanean Lasarte-Oriako Elkartasun puntadak ekimenean. “Batzuk josten ari dira eta josten ez dakigunok, material bilketa eta banaketa eta maskaren bilketa egiten dugu”.
Izan ere, taldeko jostunek etxean egiten baitute lan. “Kalera ez ateratzeko, etxeetara eramaten zaie materiala eta lana amaituta, bilketa ere euren etxeetan egiten da”.
Lasarte-Oriako bi supermerkatuetatik eta Donostiako Bretxako azokako postu batetik eskaerak jaso dituzte dagoeneko. Caritasera ere egingo dute bidalketa bat. Eta Aterpea Merkatari elkarteak bere bazkideei ekimenaren berri jakinarazi diela ere nabarmendu du.
Ez omen dira eskaera asko, baina atzean lan handia dagoela azpimarratu du Albak. “Ez da bakarrik maskarak egitea. Horiek banatu baino lehen garbitu eta desinfektatu behar dira eta banaketarako prestatu”.
Hori guztia aurrera eramateko laguntza behar du Elkartasun puntada ekimenak. Horregatik, herritarrak gonbidatzen ditu 669 780 900 telefono zenbakira deitu eta ekimenarekin bat egitera. Laguntzeko hiru bide daude: josketa-lanak egitea, materialak bildu eta banatzeko prest egotea edo oihalak eta gomak oparitu edo saltzea. Azken hau komertzioei zuzendua dago.
Ione Artola herritarra ere maskarak josten
Lasarte-Oriako anbulatorioko langileentzat ari da maskarak josten Ione Artola herritarra. Harreman estua du bere familia-medikuarekin, eta haren bitartez jakin du materiala behar dutela herriko osasun zentroan. Horrela, laguntza eskaini du lasarteoriatarrak, eta horretan ari da, etenik gabe. Goiz-goizetik josteko makina aurrean jarri, eta kotoizko maindireak berrerabiliz sortu ditu maskarak. Goma ere gehitu die bi aldeetan; "maskarak belarri atzean erosoago heltzeko". Gaur arte 160 egin ditu, gutxi gora behera.