COVID-19arekin kutsatutako herritarrek, edota berrogeialdian daudenek etxeko hondakinak nola kudeatu jakiteko zenbait jarraibide eman ditu udalak. Horrekin batera, kutsaturik ez dagoen etxeetan hartu daitezkeen neurrien berri ere eman du
Berrogeialdian edo gaixorik dagoen pertsonak sortzen dituen hondakin guztiak (eskularruak, maskara eta mukizapiak barne), birziklatzeko bereizi gabe, plastikozko poltsa duen kubo batean sartzeko aholkua egin dute. Kubo hori gaixoaren gelan mantendu eta hark bakarrik erabiliko du. Ahal dela tapa eta pedala dituen kuboa izatea gomendatu dute.
Kutsatuta dagoen pertsona horren hondakinak biltzen dituen poltsa hori behar bezala itxi behar dela azpimarratu dute, eta behin itxita, beste poltsa baten barruan sartu. Horrela, gaixo dagoena zaintzen ari den pertsonak bigarren poltsa horretan sartuko ditu bere eskularru eta maskarak (erabili eta botatzekoak direnak), eta gelatik atera aurretik poltsa itxiko du.
Bigarren poltsa hori, etxeko gainerako hondakinekin batera, errefusari dagokion poltsan sartu behar da, eta errefusaren poltsa ere erabat itxita atera beharko da.
Lan horiek guztiak egin ondoren, berehala eskuak garbitu behar direla ere azpimarratu dute; ur eta xaboiarekin 40-60 segundoz.
Etxean gaixorik ez dagoen kasuetan ere jarraitu beharreko zenbait neurriren berri ere eman dute.
Hondakinak beti bezala bereiz daitezkeela azaldu dute. Horrekin batera erosketak egiteko erabiltzen diren latexezko edo nitritozko eskularruak ez direla edukiontzi horira bota behar argitu dute.
Amaitzeko eskerrak ematen dizkie herritarrei laguntzagatik, eta bide batez, COVID-19a geldiaraztea guztion lana dela gogorarazi dute.