Koronabirusaren eragina nabaritu da hainbat industria lantegietan ere. Michelin-Lasartek adibidez, martxoaren 16an zortzi egunerako lantegia itxi zuen, baina orain, egoerak hobekuntzarik ez, eta gutxienez beste astebetez ixteko erabakia hartu du zuzendaritzak.
Horrela, Lasarte-Oriako lantegiaz gain, Gazteizkoak, Aranda de Duerokoak eta Valladolidekoak ere itxita jarraituko dute, baita Almeriako esperientzia zentroak ere. Komertzial eta banaketa lanekin, ordea, aurrera jarraitzen dute (distantziako lanen bidez).
Komunikabideei igorritako ohar batean azaldu dute lantegiko zuzendaritza langileen ordezkariekin harremanetan ari direla egoera "modu egokian" kudeatzeko.
Halaber, azpimarratu dute geldialdiak berarekin ekarriko dituen beherakada ekonomiko eta sozialei "guztien esfortzuarekin" aurre hartu behar zaiela.
Amaitzeko, agintarien neurriak errespetatzeko deia luzatu dute; norbere osasuna zaintzeaz gain, senideen eta gizartearen osasuna zaintzea "ezinbestekoa" dela nabarmendu dute, egoera hau "ahalik eta azkarren" gainditzeko.