Honela dio adierazpenak (erredakzioan euskaratu dugu):
"Kaixo, Lasarte-Oriako Pentsionisten Koordinakundeko kideok:
Jesus naiz. Ezagutzen nauzue batzuek: astelehenero elkartzen gara Okendo plazan ehun bat pentsionista lasarteoriatar. Koordinakundeko kide eta laguntzaile batzuekin, astero errepasatzen ditugu pentsioekin lotura duten gaiak, egunean jartzeko eta azkenaldian gai horren bueltan gertatu direnak partekatzeko.
Adierazpen honen bitartez, pil-pilean dagoen gai bati buruz hitz egin nahi dizuet: koronabirusari buruz. Besteak beste, ohiturak eta egunerokoa aldatu behar izan dugu 'zomorro' txiki horren erruz; asteleheneroko hitzordu hori, dagoeneko ohitura bihurtu den hori, bertan behera utzi behar izan dugu, besteak beste.
Egoera oso serioa da. Badakigu. Arrisku taldeetako bat da adineko pertsonok osatzen duguna. Kontziente izanda ere, eguneroko ohiturak egun batetik bestera aldatzea zaila da. Kalera irteteko BEHARRA sentitzen dute herritar batzuek egunero, minutu gutxi batzuez bada ere. Zaila da hori aldatzea ere.
Horregatik eta beste hainbat arrazoirengatik, zaila da 'zomorro' horrekin batera bizitzea; momentuz, guda irabazten ari da. Guda bai, baina gerla ez, hori guk irabaziko dugulako, elkarrekin, hainbat arrazoigatik: adibidez, behar dugulako elkartu berriro astelehenero, elkar agurtu, hitz egin. Familia handi bat bihurtu gara.
Koordinakundearen helburua, behintzat, hori da. Errazagoa izan dadin, guztioi eskatu nahi dizuegu kolaboratzeko, eta gure esku dagoena egiteko, agintariek emandako gomendioak jarraitzeko, alegia. ETXEAN GERATZEKO.
Gu baino gazteagoak diren senideek lagun gaitzatela eguneroko zereginetan, etxetik kanpo egin behar direnetan.
Horretarako aukerarik ez badugu, eska diezaiegun laguntza lagun eta bizilagunei.
ADINEKOAK izanik, guri ere badagokigu eredugarri izatea eta beharrezkoak ez diren arriskuak ez hartzea. Plaza bete behar dugu hau guztia bukatzen denean.
GERA ZAITEZ ETXEAN, zu berriz ikusi nahi eta behar zaitugu hau guztia amaitutakoan. PENTSIONISTAK AURRERA!".