Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren datuen arabera, koronabirusak kutsatuta 2.097 lagun daude Euskal Autonomia Erkidegoan, bezperan baino 376 positibo gehiago. Kasu berrietatik 52 Gipuzkoakoak dira, herrialdean orotara 325 gaixo daude.
Atzo 20:00ak arte bildutako datuen arabera, lurraldeari dagokionean, Donostia (58), Irun eta Tolosa (30) eta Arrasate (19) dira gaixo gehien dituzten udalerriak. Lasarte-Orian, aldiz, egoera ez da aldatu azken egunotan. Lau kutsatu daude, bat gehiagoLasarte-Usurbil osasun eremuan. Horietako bi Atsobakar zahar egoitzako langileak omen dira.
Otsailaren 28an EAEn lehen bi positiboak atzeman zirenetik 6.220 pertsonari egin diote COVID-19aren proba. 812 lagun daude ospitalean eta 176 alta eman dituzte azken orduetan. Donostia Ospitalean 50 lagun daude, 6 Zaintza Intentsiboko Unitatean.
Orain arte birusak 50 eta 80 urte artekoei eragin die gehien, gaixoen erdia adin tarte horretan baitago: 50-59 urte, %17,5; 60-69 urte, %17,9, eta 70-79 urte, %16,3.
Hildakoak, berriz, 97 dira EAEn; 13, Gipuzkoan.
Testuinguru honetan, Espainiako Gobernuak alarma egoera beste bi astez luzatzea erabaki du. Alegia, gutxienez, apirilaren 11 arte mantenduko du etxean gelditzeko agindua.