Alarma egoera indarrean denetik astebete osatzear dela, Lasarte-Oriako Udalak Agustín Valdivia alkatearen idatzi bat zabaldu du. Bertan, bere esker ona adierazi die herritarrei, erakundeei eta enpresei berrogeialdian izaten ari diren jarrerarengatik.
Lasarteoriatarren «ahalegin eta konpromisoa» aitortu ditu, «eredugarria da milaka lasarteoriatarren jokabidea, haien ahaleginarekin koronabirusak sortutako pandemiaren aurkako borrokan laguntzen ari baitira».
Egoera honetan lanean ari direnak ere gogoan izan ditu. Batetik, udaltzainei euren jarduna eskertu die. “Lan korapilatsua haiena, pedagogia eta salbuespen neurriak betearaztea uztartzen jakin behar baitute”. Bestetik, garbiketa azpikontratetako langileei ere, udal, osasun eta egoitza azpiegiturak eta ahien inguruak “garbi eta desinfektatuta” mantentzen ari baitira.
Era berean, osasun langileei aitortza berezia egin die, “haien lana funtsezkoa da pandemia hau gainditzeko”, batzuetan euren osasunarentzat arriskutsua bada ere. Halaber, anbulatorioak lasarteoriarrekiko duen konpromisoa ere nabarmendu du, "zainketa aringarriak, mendekotasuna edo gaixotasun onkologikoak dituztenei dei eginez”.
Gurutze Gorriaren eta behar gehien dutenei boluntarioki laguntzen dietenen lana ere goraipatu du.
Halaber, enpresei eta bertako langileei eskertu die “elkartasun aurpegirik onena” erakustea. Horren adibide jarri du Eroskik anbulategiari paperezko amantalak eman dizkiola haiek eramateko udaltzainei deituta.