Etxean

Maitane Rebe Igartua 2020ko mar. 20a, 17:41

Ez daukagu argi nondik etorri zaren, baina bat-batean, dena aldatu duzu. Mugak itxi dizkiguzu, etxean giltzapean sartu gaituzu. Bat-batean, zein hauskorrak eta berekoiak garen konturatu gara, ez garela iraunkorrak, ez garela beharrezkoak. Ikaratu egin gaituzu.

Mesfidantza sortu zenigun, baina aukera bat eskaini diguzu, arnasteko aukera bat. Jendea gelditzea lortu duzu, jendeak hausnartzea lortu duzu. Errepideak, aireportuak, lanaldi luzeak… dena eten duzu. Munduak arnasa hartzea lortu duzu.

Norberarekin egoteko aukera, beti egin nahi genuena egiteko aukera. Gure etxekoekin egoteko aukera. Norbera gehiago ezagutzeko aukera. Etenaldi honek pentsatzera eraman gaitu, orain arte gure denbora non eta norekin usatu dugun pentsatzera, eta benetan zoriontsu izan garen pentsatzera. Dena orain bukatuko balitz, gure bidaiak merezi izan duen hausnartzera.  

Egiteagatik egiten dugu, zergatik eta zertarako egiten dugun jakin gabe. Bizitza “perfektua” lortzeko bilaketa honen aurrean, konturatu gara benetan garrantzitsua dena eta zoriontsu egiten gaituena badaukagula. Baina gure egunerokotasunak itzalpetu egiten ziguna desestali duzu. Eta orain konturatu gara, benetan balioan ez genuena, kendu diguzula. Eta orain horren behar naiz. Besarkaden, muxuen, lagunen eta kalearen falta sumatzen dut jada. 

Gizartea aztoratu duzu, baina batu egin gaituzu, arraza, sexua, erlijio, adina eta politika alde batera utziz, pertsonak bezala batu egin gaituzu, eta gizarte bezala zainduko gara. 

Beldurra dago, baina ez gorrotorrik. Isolamenduan gaude, baina ez gaude bakarrik.