Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak koronabirusaren hedapen datuak eman ditu, EAEkoak: 217 pertsona gehiago kutsatu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan; 1.190 kasu baieztatu dituzte hiru probintzia horietan. Osakidetzak xehetasun gehiago jaso ditu txosten batean: besteak beste, herriz herri dauden kutsatu kopurua. Dokumentu horren arabera, lasarteoriatar batek positibo eman du. Lasarte-Usurbil osasun zonaldean berriz, hiru positibo antzeman dituzte.
Osakidetzak iragarri du egunero-egunero egingo dutela horrelako txosten bat, koronabirusari buruzko datuak eguneratzeko. Hainbat aldagai aztertu dituzte, herriz herriko kasuen berri emateaz gain: zenbat analisi egin dituzten egunez egun, zenbat pertsona dauden ospitalean edo zein adin-tarteko jende kutsatzen den gehiago, portzentajeen bidez.
- 4.512 analisi egin dituzte; 1.190 pertsonak positibo eman dute (EAEko datuak). Gehienek, Gasteizen (502).
- Atzo, martxoak 18, 612 analisi egin zituzten. Orain arteko kopuru altuena da.
- 448 pertsona daude ospitalean EAEn; horietatik 44, ZIU Zainketa Intentsiboen Unitatean.
- 60 eta 69 urte arteko pertsonak kutsatu dira gehien orain arte: kasuen %16,5.