Osasun larrialdiaren aurrean, arrisku egoeran dauden presoak etxeratzeko aldarria egin du Etxeratek: larriki gaixo daudenak eta 70 urtetik gorakoak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 18a, 12:29

COVID-19aren eraginez herritarren osasuna babesteko garai honetan, presoengan jarri dute arreta Etxerat elkarteak

Estatu mailako 30 erakunde baino gehiagok espainiar Barne Ministerioari eta espetxe erakundeei kartzeletan premiazko neurriak eskatu dizkietela jakinarazi du elkarteak, eta Etxeratek atxikimendua adierazi dio proposamen horri. Bide batez, frantziar Estatuko autoritateei ere luzatu diete eskaera, "arrisku handiko taldeetan diren preso batzuk kalean izango zirelako, fiskalaren blokeorik gabe".

Euskal Preso eta Iheslaria Politikoen Senide eta Lagunen elkartearen kezkarik nagusiena, talde zaurgarriaren barruan dauden preso gaixoak eta 70 urte baino gehiago dituzten presoak dira;  espetxean arriskua eta zaurgarritasuna bikoizten dela azpimarratu du, hortaz horien askatasuna ezinbestekoa dela argudiatuz. Ezin ahaztu Ibon Fernandez Iradi larriki gaixo dagoen preso herritarra; horren etxeratzea ere aldarrikatzen baita eskaera horren bidez.

Espetxeetako egoera oso zaila izan daitekeela ulertzen dute presoen senide eta lagunek "eremu honetan dauden gabeziengatik"; pilaketa, zerbitzuen gabezia, mediku-arreta eskasa edota 70 urte baino gehiago  eta larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzearen eraginez, besteak beste.

Horregatik, egoera honek ondorio larriak eragin ez ditzan, "berehalako esku-hartze eraginkorra" behar du; "presoen eskubideak eta osasuna lehentasunezko helburutzat hartzen duena".

Bisiten etendura konpentsatzeko neurriak hartuko direla ulertzen du elkarteak, baita ere, bideo-deien bitartez eta baliabide honen doakotasuna bermatuz, familiarteko deskonexioa ekiditeko. Sufrimenduaren areagotzea ekidin behar dela nabarmendu du.

Preso dauden senide eta lagunak "etxean eta bizirik" behar dituztela aldarrikatu dute.