Gaur goizean bildu dira Lasarte-Oriako Udaleko Zerbitzu Sozialetako arduradunak Gurutze Gorriarekin, etxetik atera ezin direlako janarien edo botiken erosketa egin ezin duten 65 urtetik gorako pertsonen edo dependentziadunen kasuetan jarduteko protokolo bat ezartzeko. Zerbitzu hori eskatu nahi dutenek, hainbat baldintza bete beharko dituzte: Lasarte-Orian familiarik ez edukitzea batetik, eta Etxean Laguntzeko Zerbitzuaren (ELZ) erabiltzaileak ez izatea.
Honako prozedura ezarri dute:
- Zerbitzu hori behar duen pertsonak Udaleko Zerbitzu Sozialetara deitu beharko du (943.37.61.79), eta han langile sozial batek hartuko dizkio datuak.
- Langile sozialak kasua baloratuko du eta, onartuz gero, Gurutze Gorriari pasatuko dizkio datuak.
- Gurutze Gorria zerbitzuaren erabiltzailearekin kontaktuan jarriko da, eta boluntario bat etxera noiz joango zaion esango dio.
- Gurutze Gorriko boluntarioa pertsona horren etxera joango da, eta janari eta botiken lista jasoko du, baita dirua eta osasun-txartela ere, behar izanez gero.
- Erosketa egindakoan, Gurutze Gorriko boluntarioak erabiltzailearen etxera eramango du eta haren ate ondoan utziko du erositakoa.
Horrekin batera, eskerrak eman dizkie herritarrek martxan jarritako babes sareari, baina Gurutze Gorriarekin lotutako akordioak erabiltzaileen segurtasuna "hobe" bermatzen duela uste du.