Ohar garrantzitsua helarazi du Osakidetzak. Horren bidez, osasun-zentroetan hitzordua eskatuta zuten herritarrei osasun-zentroetara "ez joateko" deia egin dute; horrela, osasun zentrotik telefonoz harremanetan jarri arte etxean geratzeko eskaria egin dute. Anbulatorio eta ospitaleetako langileen telefonoz kudeatuko dituzte kontsultak (ahal duten neurrian), eta beharrezkoa den kasuetan soilik zehaztuko dituzte aurrez-aurreko hitzorduak.
Jakinarazi dute premiazko odol-emateak baino ez dituztela egingo, eta programatutako proba osagarri guztiak bertan behera utzi dituzte. Programatutako sendaketak, berriz, mantendu egingo direla gehitu dute.
Kontsulta espezializatuen inguruan ere eman dute informazioa. Ospitalean, bertan behera utzi dituzte kontsulta espezializatu, eguneko ospitale kirurgiko eta kirurgia programatu guztiak, kirurgia onkologikoa, onkologia medikua, onkologia erradioterapiko, onkologia hematologikoa eta onkologia pediatrikoa tratamenduan dauden herritarren kontsultak ez ezik. Horrekin batera, ospitale mediko eta onkologikoen eta martxan dauden erradioterapia saioak ere aurrera jarraitzen dute.
Gogorarazi dute arnas sintomatologiarekin lotutako kontsultetarako 900 20 30 50 telefonoa jarri dutela herritarren eskura.
Guzti honen inguruan galdetzeko, herriko anbulatorioarekin harremanetan jartzeko saiakera egiten ari da TXINTXARRI aldizkaria, baina momentura arte, ez du lortu