Guztion ahotan dabilen COVID-19 birusari aurre hartzeko prebentzio neurriak martxan dira Lasarte-Orian ere. Gaur goizean, ikasleak ez dira ikastetxeetara joan, eta datozen hamabost egunetan ere ez dira joango. Atzo eguerdian hartu zuen Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak ixteko erabakia.
Lasarte-Oriako Andatzazpi Pastoral barrutiko arduradunek ere jakinarazpen bat igorri dute komunikabideetara, eta jakinarazi dute barrutiko elizetako ospakizun guztiak bertan
behera uztea erabaki dutela. Azaldu dute, martxoak 30a bitartean ez dutela inongo ospakizunik izango ez Lasarte-Oria, ez Usurbil ezta Agiñako elizan ere.
Udalak ere bere gain dauden bulegoak eta zerbitzuak ixtea erabaki du; ekipamendu sozialak, kulturalak eta kiroletakoak itxi egin ditu. Horrela, jakinarazi dute, telefonoz, poste elektronikoz edo aldez aurretik hitzordua eskatuta soilik funtzionatuko dutela, baina "ezinbestekoa dena kasuetan soilik".
Lasaitasun mezua helarazi diete herritarrei, eta koronabirusaren kutsatzeak saihesteko jarraibideak ekarri ditu gogora: eskuetako garbitasuna maiz (urarekin eta xaboiarekin garbitzea); adineko pertsonen eta haurren kontrol termikoa, sintomak ikusiz gero; arnas arazoa edo sukarra bezalako sintomaren bat izanez gero etxetik 900 20 30 50 telefono zenbakira deitzea; eta jende pilaketak saihestea.
Prebentzioko neurri horien helburua populazio kolektibo ahulenak babestea dela azpimarratu du, baita kutsatutako pertsonen kopurua ez handitzea ere. Bide batez, gezur eta zurrumurruetatik aldentzeko deia ere luzatu diete lasarteoritarrei.
Hori horrela, kultur etxea, liburutegia, musika eta dantza eskola, Mercero gunea itxi egin ditu. Jakinarazi dute bertan behera geratu direla kultur agendan aurreikusitako kultur ekintza guztiak, baita eskola eta ikastaroak ere.
Zerbitzu sozialetan jubilatuen etxea ere itxita dago atzotik, eta horrekin batera, Ondo ibili eta KontenT-Tu programak ere eten egin dira. Etxean laguntzeko zerbitzuan, Mirentxuenean eta gizarte zerbitzuetako bulegoek, berriz, telefonoz emango dute arreta; hori bai, aldez aurretik hitzordua eskatzea ezinbestekoa da. Sexuaren Berdintasunerako Emakumeen Zentroa ere itxita dago, eta bertan behera geratu dira bertan egiten diren ekintza guztiak.
Maialen Chourraut kiroldegiak ere ateak itxi ditu, baita Michelingo kirolguneak eta trinketeak ere. Horrekin batera, Gaztelekua eta KZ Gunea ere itxita daude, eta hor ere, bertan behera geratu dira ikastaro eta eskolak.
Udal euskaltegian ere jarduna etenda dago. Itxi egin dute eta baita eraikin berdinean kokatuta dagoen kontsumitzaileen informaziorako udal bulegoa ere.
Asteazkenetan ohikoa da herriko kaskoan azoka ikustea, baina azken egunotako osasun krisiak eraginda, azoka hori ere ez da egingo datorren astean. Tabernatako terrazak ere etetea erabaki du udalak, "aldi baterako".
Udaleko bulego orokorra herritarrentzat itxita egongo da, baina 943 37 60 55 telefono zenbakian arreta jaso ahal izango dute herritarrek; baita udala@lasarte-oria.eus helbidearen bitartez ere. Horrekin batera, udalari egin beharreko ordainketak tramitazio elektronikoen bidez edo banku entitateen bidez ordaindu behar direla gehitu dute.
Ezkontzak eta ehorzketak ekitaldietan ere neurriak hartuko dituzte. Ezkontza zibiletan, ezkongaiei eta lekukoei bakarrik utzi zaie ekitaldira sartzen. Ehorzketatan, berriz, jende pilaketak saihesteko deia egin dute, eta bertaratutakoen arteko distantziak mantentzea ere gomendatu dute.
Azkenik, udaleko organo kolegiatuen bilkurak, hau da, batzorde informatiboak, aholku batzordeak, gobernu lokaleko batzarrak eta udalbatzarren osoko bilkurak guztiz beharrezkoak badira "ateak itxita" egingo direla nabarmendu dute.
Iragarritako neurri horiek guztiak 15 egunez egongo dira indarrean, baina beharrezkotzat ikusten badute, luzatu egingo dute epealdi hori. Horrekin batera, elkarlana eskatu diete lasarteoriatarrei: "egunero aintzat har ditzatela osasun agintarien gomendioak, herritar bakoitzaren ardura da kutsatzeko aukerak gutxitzen laguntzea". Eskatu diete "jarduera soziala" muga dezatela.
Garbiketa zerbitzua
Udalaren eraikin guztien garbiketa arrunta areagotu egingo dutela jakinarazi dute, "kontaktu eremuak desinfektatu ahal izateko". Manttangorri hiribusean ere neurri bera hartuko dute: autobusaren garbiketa areagotu egingo dute, eremu komunetan, hau da, sakagailuetan, barretan, eskutokietan, heldulekuetan produktu desinfektatzaileak aplikatuko dituzte.