Lehengo asteko garapena ikusirik, Espainiako kirol federazio gehienek astelehenerako hartua zuten erabakia. Espainiako Txapelketak bertan behera geratu eta dataz aldatzen zirela jakitera eman zuten.
Neurri horrek Ostadar SKTko Naroa Furundarenari eta Enara Gonzalezi eta Buruntzaldea IKTko Nora Imazi eragin zieten. Ostadarreko bikoteak atletismoko 20 urtez azpiko Espainiako Txapelketan parte hartu behar zuen asteburuan; Imazek, berriz, igeriketako infantil mailako lehiaketan aritu behar zuen.
Gipuzkoan, atzo osteguna eguerdira arte ez zen erabaki ofizialik egon. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta federazioen bileraren ostean, 15 egunez kirol jarduera guztiak etetea erabaki dute, bai Eskola Kirola, baita federatua ere. Horrez gain, taldeei entrenamenduak bertan behera uztea ere aholkatu dute. Hala egin du Ostadar SKTk, adibidez.
Buruntzaldea IKTko eta Bidasoa XXI taldeko Ainhoa eta Leire Martinek ere ostegunean jakin zuten infantil, junior eta absolutu mailako Euskal Herriko txapelketarik ez zela lehiatuko.
Espainiako Futbol Federazioak profesional mailako partidak bakarrik jokatzea baimendu zuen. Lehengo astean, dagoeneko ateak itxita jokatu ziren ligako zenbait partida eta Real Sociedad eta Athleticen arteko Espainiako Kopako finala ere atzeratuko zela iragarri zuten. Halere, birusaren eragina ikusita, atzo iritsi zen lehen mailako eta bigarren mailako partiden etetearen berria.
Errugbian ere partida nazionalak ateak itxita jokatuko zirela jakitera eman zuen federazioak, baita 14 urtez azpiko maila guztietako partidak bertan behera geratzen zirela ere. Hortaz, hasiera batean, Ohorezko B mailako Belenos Rugby Club eta Babyauto Zarautzen arteko partida ikuslerik gabe jokatuko zela aurreikusi bazen ere, azkenean, ostegunean, partida bertan behera geratuko zela jakin zuen Zarauzko taldeak.
Euskadiko Saskibaloi Federazioak aste hasieran Gasteizen jokatzen ziren partida guztiak bertan behera geratzen zirela jakitera eman zuen, baina ostegun goizean, berriz, neurri zorrotzagoak hartuta Euskal Ligako partida guztiak bertan behera uztea erabaki zuten.