Koroa

Koroarekin gora eta behera gabiltza azken aste hauetan. Batetik, txuri-urdinek kopa irabaztea inoiz baina gertuago daukate. Bestetik, koroadun monarka askok baina fama handiagoa hartu duen birusa zabaldu da mundu mailan eta azken egunetan gurean

Koroa monarkiarekin erlazionatu ohi da zuzenki eta ezinbestean. Bada edari baten markarekin ere erlazionatuko duenik ere, edota kantuan aritzen den ahots politez osaturiko taldetxoren batekin. Hitzak berak, askorako ematen du eta hainbat iritzi sorrarazten ditu. Iritzien tsunamian, koroaren azpian, errealak bere koloreak nola aireratzen dituen ezbaian jartzen dute batzuek, nolatan lehiatzen den koroaren aldarri den txapelketan. Beste batzuek, koronabirusak ezkutuko interesekin lotzen dute azkenaldian.

Lehenengo kasuan, zaletua bihotz txuri-urdina duen hori, txapelketa bat irabazteko gosez dagoen horrek, alboratuta uzten du bere antimonarkiko papera. Bigarrengoan, koronabirusaren inguruan barre egiten dutenak daude eta guztia txikikeriatzat hartu nahi dutenak. Gerturatzen ikusten duten neurrian, badaezpada ezkutatzen hasten dira ordea.

Bi iritzi hauen barruan, ene burua koka nezake eta bai, kontraesan handi batean erortzen naiz; baita ni ere. Koronabirusa gertu usaintzen dudanean, ziur babes neurriak hartzen lehena izango naizela eta Espainiako erregearen kopa altxatzea nahi duen lehenetarikoa izango naiz ni ere. 

Sevillan, maiatza amaieran, bat egingo dute bi koroek. Gehienek nahiko ez dugun monarkaren kopa altxatzeko asmotan. Beti ere birusa tartean sartzen ez bada. Birusa monarkikoa ote da?  Zer da nahi ez duguna, kopa edo monarkia? Koronabirusaren albo kalteak ez zaizkigu axolako momentu horretan, behinik eta gure taldearen finalaz Coronita bat eskuan eta kideak alboan, koro baten gisara, kutsaturiko gizarte honen erritmoak ahots ozenez abesten baditugu.