Lasarte-Oriako Udalak bertan behera utzi ditu hainbat ekintza. Islada Ezkutatuak taldearekin batera Testigantzak. Lasarte-Oria 1936-1948. Genozidio ezkutatu baten islak liburua aurkeztu behar zuen larunbat honetan, baina kontuan hartuta gonbidatuetako asko adineko pertsonak direla, ekitaldia atzeratzea erabaki dute, data berririk iragarri gabe oraingoz. Horrez gain, ostiralero egiten duten Ondo ibili eta Kontent-Tu programak bertan behera utzi dituzte. Atzo arratsaldean egin behar zuten ohiko udalbatzar saioa ere atzeratu egin dute.
Udalak jakinarazi du etengabe berrituko duela bere web orrialdea, lasarteoriatarrek jakin dezaten koronabirusaren hedapena etete aldera hartzen dituen erabakiak zeintzuk izango diren. Gomendio sorta bat ere igo du Internetera: "Herritarrei esaten diegu lasai egon daitezela; informazio eguneratua emango diegu uneoro hartzen ditugun neurriei buruz".
Jarraibideak "sinpleak" eta "egiten errazak" direla azpimarratu du udalak: eskuak sarri garbitzea ura eta xaboiarekin; adinekoen eta haurren tenperatura hartzea sintomaren bat sumatuz gero; arnasa hartzeko arazoren bat edo sukarra edukiz gero 900 20 30 50 telefonora deitzea; eta herritarrek saihestea jende-pilaketak, batez ere adineko pertsonak badira. OME Osasunaren Munduko Erakundea, Espainiako Osasun Ministerioa eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko loturak ere jarri dituzte; gomendatu die herritarrei iturri horiek erabiltzea koronabirusari buruz informatzeko.