Zubieta eta Eguzki tabernetan egin zituzten katak atzo eta herenegun: ardo zuriak eta Ramon Bilbao upategikoak eskaini zituzten, hurrenez hurren.
Eguzki tabernan egin dute bigarren saioa, eta Ramon Bilbao upeltegiko lau ardo ekarri ditu Josetxo Arzallusek herritarrek probatzeko. %100 verdejo motako mahatsarekin egindako ardo zuriarekin hasi da dastaketa, eta lehen tragoari laguntzeko pate pintxoak jarri dituzte mahai gainean. Hemeretzi lagun bildu dira, eta ardo gorri bat eskaini die bigarren aukeran. Gazta eta antxoa mokadutxoarekin lagundu dute bigarren tragoa, eta gehienei, lehena baino gehiago gustatu zaiela antzeman da. Horren ostean, 2016. urteko ardo ondu batekin ausartu dira, eta horrek ere izan du bere anoa lagun: muskuilu betea. Gustura aritu dira tragoa eta mokadua jan bitartean, elkarrekin hizketan eta iritziak partekatuz. Azkenekoa ere ardo beltza izan da; erreserbako bat. Laugarren hori urdaiazpiko kroketa egin berriekin batera dastatu dute.
Ardo zuriak Zubieta tabernan
Kolore bakarreko ardoak dastatu dituzte Zubieta tabernan, baina elaborazio eta zapore desberdinekoak: chardonnay, txakolina, rueda eta ribeiroa. Juanjo Molano herritarrak eman dizkie azalpenak ekitaldira gerturatu diren herritarrei. Kata hasita zegoela pertsona gehiago etorri ziren, eta estu samar zeudela ikusita, lokalaren beste aldera joatea erabaki zuten. Izan ere, mahaia beteta zegoen, eta ez bakarrik botila eta kopekin: edandakoa ezkondu dute langostino egosiak eta urdaiazpikoa janez. Ardo zuriei buruzko azalpenak Juanjo Molano herritarrak eskaini ditu: elaborazio prozesua, edariek zein tenperaturatan egon behar duten... Kontzeptu ugari ikasi dituzte Zubietan bildu direnek.
Asteko azken dastatzea, ostegun arratsaldekoa, Viña del Mar tabernan egingo dute. Bodegas Riojanas ardandegiko zenbait ardo probatuko dituzte herritarrek, pintxoez lagunduta. Laugarrenez antolatu du ekimena Aterpea Merkatari eta Ostalarien elkarteak; hogei bat pertsonak parte hartu dute batez beste.