Mugaz gaindik lan egiteko lanbide-heziketa proiektu berria, FormaNAEN

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 12a, 09:30
FormaNAEN proiektuaren aurkezpena, Baionan. Arg.: Usurbilgo Lanbide Eskola

Usurbilgo Lanbide Eskola Euskadiko FormaNAEN proiektuan ari da lanean, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako hainbat zentruekin batera. Formakuntza berria garatu ostean, Administrazioa ikasten duten ikasleei mugaz gaindik lan egiteko aukera eman nahi zaie

Usurbilgo Lanbide eskola FormaNAEN proiektu berritzaileari forma ematen ari da. Usurbilgo Lanbide eskolak bultzatuta, mugaz gaindiko proiektua gauzatzen ari dira Administrazio espezialitatea duten Euskal Herriko hainbat eskolen artean. Hain zuzen ere, Gipuzkoako, Nafarroako eta Pirinio Atlantiko eremuko eskolak ari dira lanean. 

POCTEFA proiektuari esker jarri ahal izan dute martxan ekimen berria. Euskadik eta Pirinio Atlantiko eremuak mugaz gaindiko lanbide-heziketa funtsezko tresnatzat dute eta hau indartzeko, hasierako eta etengabeko lanbide-heziketaren arloan lankidetzan aritzeko esparrua dute. 

FormaNAEN

Egun FormaNAEN egitasmoaren lehen pausoak ematen ari dira. Horretarako, administratibo batek mugaren bi aldeetan aritzeko behar dituen gaitasunak definitzen eta edukiak garatzen ari dira hezkuntza zentruak. Etorkizunean, Usurbilgo Lanbide Eskolak ikasleei formakuntza berezia eskainiko die mugaren bi aldetan lana egiteko gaitasunak lortzeko.

Usurbilgo Lanbide eskolak jakitera eman duenez, bi helburu nagusi ditu FormaNAEN programa berriak. 

Lehenik, Eskolarekin harreman estua duten enpresei bere nazioartekotze prozesuan lagun gerta daitezkeen, mugaren bi aldetako administrazio legedia eta prozedurak ezagutzen duten langileak eskaini nahi dizkie. Bigarren helburua, POCTEFA proiektuarekin bat dator, eskolako ikasleriari lanpostu bat lortzeko aukerak mugaz gaindi zabaltzea da.

Era honetara, Usurbilgo Lanbide Eskolak bide berriak landu eta ikasleei zuzendutako abagune eskaintza zabaltzen du.

Otsailaren 21ean aurkeztu zuten FormaNAEN egitasmo berria, Baionan. 

Usurbilgo Lanbide eskolako arduradun eta ikasleak Chambre de Métiers et de l'Artisanat gunean izan ziren. Haiekin batera Irungo Plaiaundi eta Baionako Paul Bert ikastetxeko kideak eta Akitaniako eta Nafarroako hezkuntza departamentuetako ordezkariak ere izan ziren.

FormaNAEN ekimenaren berri eman zuten eta bertan batu ziren ikasleek sormena lantzeko ariketak egin zituzten.