Maddi Sukunza gazteak 'Gidabaimena euskaraz' saria jaso du

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 11a, 14:30
Maddi Sukunza irabazlea eta Jon Antxordoki Euskara saileko burua sari banaketan.

Gaztea Gidabaimena euskaraz egitasmoko irabazlea da, Lasarte-Orian. Gaur goizean jaso du saria Jon Antxordoki Euskara batzordeburuaren eskutik.

Sukunzak azterketa teorikoan gastatutako dirua berreskuratu du, 290,40 euro, euskaraz azterketa egin eta gainditzeagatik. 

Buruntzaldean 124 herritarrek gainditu zuten gidabaimena euskaraz, 2019. urtean. Hamar urte dira Buruntzaldeako udalek egitasmoa martxan jarri zutela eta azken hiru urteetan gidabaimena euskaraz gainditu duten pertsonen kopuruak gorantz egin du: 2017an, 103 herritar eta 2018an, 110 herritar. 

2020 urteko egitasmoa martxan da, eta maiatzean bultzada berria emango diote Udalek. Izan ere, 18 urte betetzen dituzten herritarrei gutun bat bidaliko baitzaie, gidabaimenak euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emanaz.