Raul Gomez Margallo Ibaetako krosean garaile

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 11a, 13:30
Raul Gomez Margallo Ibaetako krosean lasterka. Arg.: Javier Zatarain.

Aingeru Guarda igoera-Ibaetako krosa jokatu zen martxoren 7an, larunbata, Donostiako Ibaeta auzoan. 29 korrikalari izan ziren irteera puntuan; bakarra lasarteoriatarra, Raul Gomez Margallo, eta hark eraman zuen txapela.

Ez da lehen aldia Gomez Margallok proba hau irabazten duena, iaz ere garaile izan zen.  Ongi ezagutzen du beraz, 6,1 kilometrotako ibilbidea. 21 minutu eta 46 segundo behar izan zituen herritarrak helmugara iristeko.

Ibaetako garaikurraz gain, otsailaren 23an, Ormaiztegiko Sahara kroseko 10 kilometrotako podiumean ere egon zen. Hirugarren izan zen.

Postu bera lortu zuen Gorka Gil herritarrak kros bereko 5,4 kilometrotako proban.

Teknifikazio saioak

Bestalde, Ostadar SKTko junior, jubenil eta kadete mailako atletek Gipuzkoako atletismo federazioak Aste Santuan Benicassim eta Cambrilen egingo dituen teknifikazio saioetan parte hartzeko deia jaso dute.

Naroa Furundarena, Enara Gonzalez eta Maider Abete dira junior eta jubenil mailako deialdia jaso dutenak. Kadete mailan, berriz, Naroa Elvira, Irati Valdivia, Naroa Capistegui, Amane Mesa, Haritz Grijalbo, Jokin Rodriguez, Unai Riezu eta Alex Alkain dira.

Horiez gain, Zumeatarrak taldeko Aimar Sukuntza herritarrak ere jubenil eta junior mailako teknifikazio saiora joateko gonbita jaso du..