Astelehenean zabalduko da Ttakun Kultur Elkartearen udaleku itxietan izena emateko epea

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 11a, 12:40

Lehenengo bi egunetan elkarteko bazkideek, iaz parte hartutakoek eta Gazte Klubeko gaztetxoek izango dute lehentasuna

Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako udaleku itxien izen ematea astelehenean zabalduko da. LH3tik DBH4ra gazteentzako aukera ezberdinak egongo dira, eta lehen izen emate egun horretan (martxoaren 16an) Ttakun Elkarteko bazkideek, iaz ibilitakoek eta Gazte Kluba eta Kuadrillategiko gaztetxoek izango dute lehentasuna. Egun horretako izen ematea on-line egiteko aukera izango dute interesatuek goizeko 09:30etik arratsaldeko 16:30era. Horretarako honako ataria jarri du kultur elkarteak: https://labur.eus/udalekuak2020.  Hurrengo egunean, martxoaren  17an, lehentasuna duten pertsonek bakarrik egin ahal izango dute izen ematea, baina egun horretan, bulegoan, eta honako ordutegian: 9:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Lehenengo bi egunetan plaza kopuru totalaren erdiak online eskainiko dira, eta beste erdia bulegoko izen-emate bidez.

Gainerakoentzat martxoaren 18tik  maiatzaren 8ra arte irekiko da inskripzio epea (online edo bulegoan), beti ere aurreko bi egunetan plaza kopuru totalak agortu ez badira. 

Batzuk Atxondora, besteak Donemiliagara

LH3-LH4ko gaztetxoak Atxondora joango dira. Lekunetxe aterpetxean egingo dute egonaldia uztailaren 16tik 23ra. LH5-LH6ko ikasleak, berriz,  Donemiliagara, Errotazar aterpetxera joango dira uztailaren 3tik 14ra.

Kanpaldietako egonaldiaz gain, Udako Txokoetan ere izena eman ahal izango da.   

Kanpaldiak Nafarroan barrena

Kuadrillategi egitasmoak kanpaldi ibiltariak antolatu ditu Nafarroan barrena. DBH 1 eta 2ko ikasleek uztailaren 3tik 14ra egin ahal izango dute, eta DBH 3 eta 4koan, berriz,  uztailaren 16tik 27ra.

Adi beraz, plaza mugatuak dira-eta. Ez galdu zure aukera!