Koronabirusaren zabalkundeari aure egin nahian, Osasun Sailak hainbat neurri proposatu ditu. Umeek, ikastetxera joan aurretik, eta zaharren egoitzetara bisitan doazen lagun guztiek hartu beharko dute tenperatura aurretik, eta 37 gradu izanez gero edo arnasketa arazoak, etxean geratu beharko dute. Zahar etxeetara bisitak murrizteko ere eskatu dute, baina debekurik ez dute ezarri –bakartuta ez badago behintzat–, adinekoendako konpainia oso garrantzitsua dela jakinik.
Erabakiaren zergatia
Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak atzo arratsaldean azaldu zuenez, neurria hartzearen arrazoiak bi izan dira; bata, pertsona nagusiak babestea, eta bestea, azken egunetako igoera etetea. Haurrak, gune itxietan egoten direnez, "kutsatzeko aukera gehiago" dituzte, eta ondorioz birusa pertsona nagusiengana errazago helarazi dezakete. Bat-batean pertsona asko gaixotuko balira, osasun sistemak "ezingo lioke egoerari behar bezala aurre egin".
Dagoeneko EAEn 148 kasu positibo atzeman dira, horietatik hiru adinez txikikoak dira; hirurak Gasteiz ingurukoak. Hala ere, sailburuordeak gogorarazi du, haurrek, normalean, sintoma arinekin pasatzen dutela koronabirusa, eta ez daudela "beldurtuta" eskola adinean dauden neska-mutikoengatik.
Arduratsu jokatzeko deia
Erantzukizunez jokatzeko eskatu diete herritar guztiei, neurri txiki batzuk hartuta kutsatzea ekidin daitekeela gogoraraziz. Eta adinekoak eta gaixotasun kronikoak dituztenak, hau da, arrisku handiena duten kolektiboak gogoan izateko eskatu dute. Osasun Sailean eta Osakidetzan konfiantza izateko ere adierazi dute, neurriak hartzen dabiltzalako eta koronabirusaren gainean daudelako.