Buruntzazpi txirrindularitza eskola juniorrak podiumean hasi dute denboraldia

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 11a, 10:30
Buruntzazpi txirrindularitza eskolako juniorrak Egia-Zumy sariko podiumean. Arg.: E. Pozo.

Errepide denboraldi hasiera bikaina izan dute Buruntzazpi eskolako txirrindulariek. Eibarko udaberri sarian eta Egia-Zumy sarian podiumean izan ziren. Etxeberria bietan garaile izan da; Carbayeda bigarren izan zen Eibarren eta mendiko garaikurrra ere lortu zuen; taldeko saria ere lortu zuten Egian

Otsailean errepideko denboraldia hasi zuten Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek. Aurten, junior mailan, Haimar Etxeberria, Beñat Carbayeda eta Asier Pozo izango dira lehian kadete mailan, berriz, Eneko Aranguren, Daniel Fursenko eta Adur Tapia.

Junior mailako txirrindulariak denboraldiari hasiera paregabea egin dute. Otsailetik hiru lasterketa izan dituzte eta bietan lehen postuetan izan dira taldeko kideak.

Eibarko XLII. Udaberri sariko podiumean eman zioten hasiera junior mailako txirrindulariek denboraldiari. 

78 kilometroko ibilbideko lasterketari aurre egin behar izan zioten gaztetxoek eta azken metroetara 11 txirrindulariko taldetxoa iritsi zen. Buruntzazpiko Haimar Etxeberria izan zen azkarrena eta arerio guztiak garaitu zituen, baita bere taldeko kide Beñat Carbayeda ere. Carbayedak bigarren postua eskuratzeaz gain, mendiko saria ere eraman zuen etxera. 

Asier Pozok, berriz, ez zuen egunik onean izan, Etxeberriatik 4 minutura iritsi baitzen helmugara.

Martxoaren 1ean, Elgoibarren jokatu zen junior mailako denboraldiko bigarren lasterketa, 88 km. Buruntzazpiko kideek ezin izan zuten podiuma zapaldu. Hala ere, Carbayeda eta Etxeberria lehen postuetan ibili ziren.  Carbayeda seigarren iritsi zen helmugara, Etxeberria, hamaikagarren eta Asier Pozo hamalaugarren. 

Aurreko asteburuan, martxoaren 8an, Egia-Zumy saria jokatu zen, Donostian. 

84 kilometrorako proban  182 parte-hartzaile izan ziren eta Haimar Etxeberriak jaso zuen garaikurra. 

Beñat Carbayeda laugarren izan zen eta Asier Pozo 13. postuan amaitu zuen lasterketa. Postu horiei esker, Buruntzaazpi taldea ere podiumeko gorenean izan zen.

Kadete mailari dagokionez, Bi probatan parte hartu dute: Ibaetako sarian eta Usurbe proban. 

Asteburu honetan, bi hitzordu berri izango dituzte Buruntzazpi  txirrindulari eskolako kideek.

Kadeteek larunbatean XXI. Deba sarian izango dira lehian; juniorrak, berriz, XXXVIII. San Jose sariko podiumean egoteko borrokan egingo dute igandean, Azpeitian.

Txirringatik talde teknikora

Bestalde, Iñigo Altuna txirrindulariak etapa berri bati ekin dio txirrindularitza munduan. Lasarte-Oriako gaztea urrian txirringatik jaitsi eta egun Caja Rural taldeko elite/23 ustez azpikoen taldeko prestatzaile taldeko kide da.

Buruntzazpi txirrindularitza eskolan eman zituen bere lehen pausoak Altunak 11-12 urte zituenean. Hainbat proba eta txapelketa irabazi zituen maila ezberdinetan. 2017an, Grupo Eulen Jira-Bira taldeak amateur mailan lehiatzeko aukera eman zion eta ez zuen hutsik egin, lasterketa ugarietan lehen postuetan izan zen. Bere ibilbidean aurrera egiteko, 2018 urtean, Caja Rural taldeko elite/23 ustez azpikoen taldera egin zuen salto. Bi denboraldi taldean egin ostean, talde nafarraren organigrama teknikoan sartzeko aukera izan du gazteak.