Jubenilen arteko derbia, Eguzki Balerdi Harategiarentzat

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 10a, 17:22

Puntu premia handiagoa duen taldeak poltsikoratu du derbia: Eguzki Balerdi Harategia 4-3 Eguzki 2KN. Gainontzeko talde federatuek jardunaldi ona egin dute, eta puntuatzea lortu. 

Eguzkiren harrobiko taldetako bik derbia jokatu dute Maialen Chourraut kiroldegian: Eguzki Balerdi Harategiak eta Eguzki 2KNk. Gipuzkoako jubenilen ligan lehian ari dira biak. Puntu egarri gehiago du lehenengoak, sailkapenaren azken postuetan baitago. Nabaritu zen hori larunbat goizeko partidan, eta, bi sailkapenak kontrakoa iradoki zezakeen arren, hiru puntuak zakuratu zituen, baina ez sufritu gabe: 4-3 irabazi zuen, Telmo Galan (2), Ibai Anguiano eta Oiher Perezen golekin. Eguzki 2KN taldearenak hauek sartu zituzten: Ewan Ferro (2) eta Gaizka Irazustak.

Liga bukatzeko partida gutxi falta direnean, are gehiago estutu ohi dute sailkapeneko azken postuetan dauden taldeek. Biek nahi zuten derbia irabazi, baina Eguzki Balerdiren premia larriak desorekatu zuen balantza pasa den larunbatean. Urrezko hiru puntu horiekin, hamalau ditu taldeak, eta hamabigarren postura igo da. Seigarren jarraitzen du Eguzki 2KNk, 31 punturekin. Sei neurketa dituzte aurretik bi taldeek.

Bigarren postua finkatzen 

Gipuzkoako 1. mailako Eguzki Aldaz Hortz Klinikak erakutsi du bera dela eskualdeko talde indartsuena: 2-5 irabazi dio Andoaingo Euskaldunari, etxetik kanpo, eta neurketa ona jokatuta. Denboraldi oso ona egiten ari dira berde-horiak, eta igoera borrokatzeko oso ongi kokatuta daude: bigarren dira sailkapenean, 43 punturekin. Lehia oso estua izaten ari da, eta Lauburu Berazubiren berdinketak mesede egin die herritarrei; bi puntu ateratzen dizkiete orain. Liderra, Oiartzun KE, laura daukate – 47 eta 43 puntu dituzte–. David Castiñeirak (3), Unai Ituartek eta Igor Herrerok zulatu zuten andoaindarren atea.

Gipuzkoako 1. mailan ari da baita ere Eguzki Garoa Taberna. Puntu baliotsua ekarri du Idiazabaldik asteburuan, etxeko taldearen aurka bana berdinduta. Itsaso de la Torrek egin du gola. Hemeretzi punturekin, laugarren postuan jarraitzen dute. 2. mailan jokatzen ari den Eguzki ISU Leihoakek ere pasa den astean baino puntu gehiago ditu: bat lortu zuen Maialen Chourraut kiroldegian, ostiral iluntzean, Donibane Stokkeren kontra: 4-4koa izan zen bukaerako emaitza. Etxekoen golen egileak, hauek: Roberto Garcia, Ismael Rodriguez, David Diaz eta Asier Alonso. Bolada onean jarraitzen dute berde-horiek: azken bost neurketetatik bakarra galdu dute. Hemezortzi puntu dituzte, eta hamargarren sailkatuak dira.