Trinko, denboraldi berrirako prest

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mar. 6a, 10:12

Epic Landus Swimrun Race proba jokatu zuten Trinkoko hainbat kidek 2019ko urrian. Bakarkako zein taldeko probetan lehiatzen dira.

Trinkoko kideek prest dauzkate neoprenoak, bizikletak eta lasterka egiteko zapatilak denboraldi berrirako. Taldera batzeko deia egin diete lasarteoriatarrei

Igeri egin; bizikleta gainean pedalei eragin; eta, gero, zapatilak jantzi eta korrika egin. Triatloiak hiru diziplina horiek uztartzen ditu. Gogorra da eta entrenamendua eskatzen du, jakina, baina kirol horretaz gozatzeko ez da derrigorrez eliteko kirolaria izan behar; ez dira ironmanak egin behar astebururo. Distantzia ugari daude, hamaika proba eta aukera.  Trinko Lasarte-Oriako Triatloi Taldeak herritarrak animatzen ditu eurekin entrenatzen hastera: astean zehar korrika eta igerian aritzen dira nagusiki, eta zenbait asteburutan bizikleta irteerak egiten dituzte. Facebook eta Twitter sare sozialetan presente daude, eta helbide elektronikoa badute: lasartetriatloi@gmail.com. 695 74 33 00 telefono zenbakira ere dei dezakete interesatuek.

Euskal Herriko zirkuituko probak jokatzen dituzte Trinkoko kideek: duatloiak eta triatloiak. Lehiatzeko material eta jantzi berriak erabiliko dituzte aurten. Martxoan badituzte zita batzuk: Eibar, Arbizu, Oñati...eta askoz gehiago hurrengo hilabeteetan. Distantzia luzeagoko probak dira batzuk, baina egiten dituzte motzagoak ere, sprint distantziakoak. Oharra triatloiak egiten hasi nahi dutenentzat: proba herrikoiak joka ditzakete federatuak ez daudenek. Zumaian edo Hondarribian, adibidez. "Prest gaude taldekide berriei proba horietan laguntzeko, eta, behar balute, materiala uzteko", adierazi dute Trinkoko kideek. Saiatzen ari dira emakumeen presentzia areagotzen taldean. "Gure beste erronketako bat da". Taldeka ere jokatzen dituzte probak urtean zehar. "Hasiberriak direnentzat egokiak izan daitezke, babestuago joaten zarelako, eta giro ederrean". 

Denboraldi honetan kirol material berria estreinatuko dute Trinkoko kideek. Eskerrak eman dizkiete babesleei: Cecilia frutadenda, Patxi Larrañaga harategia, Kebab taberna eta Avenida taberna. Baita TaPunturi ere, diseinu lanak egiteagatik.