Denak gaude birusaren eraginpean, haurrengandik hasi eta zaharrenetaraino. Pertsona batzuek dituzten sintomak agerikoak dira, baina, beste zenbait kasutan, lausoagoak dira eta hautematen zailagoak. Izango da kutsatuta dagoela konturatuko ez denik ere

Alarma guztiak piztuta dauden honetan, ospitaleetatik maskarilak lapurtzeraino iritsi da jendea, beldurrarengatik edo. Hauspoa badu izu horrek, komunikabideak etengabe piztuta mantentzeaz arduratzen baitira. Egunkarien azaletako titular nagusietan agertzen da, telebistako informatiboetan minutuak eta minutuak pasatzen dituzte gai hori jorratuz, eta sare sozialetan ez dago beste hizpiderik.

Tantaka hasi dira lehen kasuak agertzen geurean ere. Seguraski gehiagora joango dira datozen asteetan, eta kezkatzeko modukoa bada. Orain, gehiegi kezkatuta ote gauden? Ikusteko dago.

Bada, ordea, beste birus bat pertsonen %100ari eragiten diona, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan dena, erraietaraino iritsi zaiguna, eta gainetik kentzeko nahikoa lan ematen ari dena. Birus hori matxismoa da. Komunikabideetatik, agian, ez dugu hainbeste informazio jasoko, baina baditugu kezkatuta egoteko arrazoi sendoak: 2003. urtetik 103 emakume hil ditu Euskal Herrian. Zenbaki lazgarri horiek muturreko sintomen kasuak dira, baina zein emakumek ez ditu noizbait matxismoaren oinazeak pairatu behar izan?

Birus horrek badu, ordea, sendagaia, eta hori feminismoa da. Martxoaren 8ren harira, antidotoa ahalik eta jende gehiagorengana zabaltzen saiatu behar gara, hasteko, emakume hildako, bortxatu, jipoitu edo esplotatu gehiago egon ez daitezen, eta, ondoren, pausoz pauso, matxismoaren sintoma guztietatik, behingoz, askatzeko.