Ostadar Boleibol taldea Gipuzkoako txapelketako azken fasean sartu da

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 5a, 12:30

Ostadar Boleboleko taldeak ezin izan du garaipenaren bidean jarraitu. Bi jardunaldietan jarraian puntuak eskuratu ostean, Arantzazuko Ama taldeak 3-0 garaitu zuen igandean Asier Acuriolaren taldea, Maialen Chourraut kiroldegian. Hala ere, urdin-beltzek bosgarren postuan amaitu dute liga

Bi garaipenek bultzatuta, talde urdin beltzeko kideak gogotsu atera ziren igandean Maialen Chourraut kiroldegiko kantzara. Lehen seta borrokatua izan zen eta hiru punturengatik bakarrik lortu zuen Arantzazuko Ama taldeak garaipena, 25-22. Nahiz eta lasarteoriatarrak saiatu, beste bi jokoetan ere donostiarrak gailendu ziren, 25-20 eta 25-16.

Jokatutako jardunaldia Gipuzkoako txapelketa liga faseko azken partida izan zen. Nahiz eta kirolera eta mailara moldatzeko denboraldia izan, taldea denboraldi hasieran osatu zen, Asier Acuriolak zuzentzen duen taldea bosgarren postuan amaitu du fase hori.

Hurrengo astean, Gipuzkoako txapelketako azken fasean sartuko dira. Sailkapeneko laugarren eta seigarren taldeen aurka jokatu beharko du Ostadar Boleibolak. Seigarren sailkatua Goierri senior taldea den arren, laugarren postua erabakitzeko dago. Atzeratutako hainbat partida jokatu behar dira asteburu honetan eta lehen lau postuetan aldaketak egongo dira ziurrenik. Talde urdin beltzak, beraz, asteburu honen ostean jakingo du zehazki zeintzuk izango diren bere arerioak.