Asier Sagasti judoka, bigarren Superkopako jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 4a, 13:00
Asier Sagasti, ezkerreko lehena, Superkopako podiumean. Arg.: G. Aristegi.

Ciutat de Barcelona nazioarteko txapelketa jokatu zen otsailaren 29an. LOKEko Asier Sagastik eta Haritz Urdangarinek Bartzelonara egin zuten bidaia eta Sagastik saria ekarri zuen esku artean, zilarrezko domina

Nazioarteko txapelketa absolutu mailako Espainiako Superkopa A jardunaldia ere bazen eta estatuko, zein nazioarteko judokak bildu ziren Bartzelonan nor baino nor borrokatzera. 

Asier Sagasti 100 kilo azpiko mailan lehiatu zen. Bi judoka katalan irabazi behar izan zituen finalera iristeko. Azken borrokan, ordea, Gasteizen bizi den Gocha Kurdiani georgiarra izan zuen aurrez aurre eta ezin izan zuen garaitu.

Haritz Urdangarinek ez zuen zortetik izan. Lehen borrokan frantses baten aurka galdu zuen eta ez zuen bigarren aukeran parte hartzeko aukerarik izan.

Sei sailkatu, infantil mailan

Gorka Aristegi entrenatzailea pozarren agertu da Sagastiren lanarekin, baita infantil mailako judokek lortutakoarekin ere.

Larunbata goizean Zarautzen jokatuko den Gipuzkoako txapelketarako sailkapena zuten jokoan taldeko gazteek eta seik aurrera egitea lortu zuten: Tania Curiel, Naiara Sagasti, Iker Izquierdo, Unai Guisado, Aitor Santos eta Julen Ugarte.

Urtarrilean jokatu zen sailkapeneko lehen jardunaldian emaitza onak izan zituzten LOKEko judokek; Hernanin jokatu den bigarren jardunaldian ere ez dira atzean geratu eta lehen postuetan izan dira.

Infantil mailako sailkapenean partea hartu zuten LOKEko judokak. Arg..: G. Aristegi.

Infantilen mailako txapelketa gogorra aurreikusten du LOKEko prestatzaile Aristegik, baina bere ustez, Julen Ugartek eta Unai Guisadok finalera iritsi eta Euskadiko txapelketako sailkapena eskuratzeko aukerak dituzte.

Kadete mailan ere Euskadiko txapelketako txartel ugari eskuratu ahalko dituztela azpimarratu du. Maila honetako txapelketa ere larunbatean lehiatuko da, arratsaldez.
Almi Campos, Lucas Morales, Mario Herrero, Martin Sebastian, Oier Guisado eta Borja Dominguez izango dira LOKEko ordezkariak. "Guztiek finalean egoteko aukerak dituzte," aipatu du Aristegik.