Malen Urkiri Bocciako Liga nazionalean ari da lehian

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 4a, 10:15
Malen Urkiri (eskuineko lehena) Espainiako ligako bikotekako txapelketan lehian. Arg.: Ostadar Inklusioa

Ostadar Inklusio taldeko Malen Urkiri Bocciako BC4 mailako Liga nazionaleko lehen jardunaldian lehiatu zen Olvegan, Sorian. Bestalde, Espainiako atletismo federazioak errekorren markak eguneratu ostean, Ane Asensio 200m. eta 400 m. lasterketetako Espainiako errekorduna da 

Bocciako BC4 mailako Liga nazionala lehenengoz martxan jarri da. Lehen saioa asteburuan lehiatu da Olvegan, Sorian eta maila handiko kirolariek parte hartu dute. Bertan izan da Ostadar Inklusio taldeko Malen Urkiri. 13 urteko zarauztarrak Iker Urkiri izan du laguntzaile.

Gaztea bakarkako eta bikotekako txapelketan parte hartzen ari da. Bikotekakoan Haszten elkarteko Unai de Miguelekin batera lehiatu da.

Lehiaketa sistemari dagokionez, bi jardunaldietan zehar liga jokatuko dute. Malenek lehen saio honetan sei partida jokatu ditu bakarka eta hiru binakako txapelketan.
Bigarren eta azken jardunaldia maiatzaren 2an eta 3an izango da, Olvegan bertan.

Espainiako errekorrak

Bestalde, Ostadar Inklusio taldeko atletismo ataleko kideak pozarren daude, Ane Asensio Espainiako errekorduna baita 200 m. eta 400 m. lasterketetan.

Otsailaren 27an Espainiako atletismo federazioak errekorren markak eguneratu eta argitara eman zituen. Ezusteko polita eraman zuten Ostadar Inklusio taldeko kideek 200 m. eta 400 m. probako T34 mailan, Ane Asensiok 2019 urtean lortutako bi marka ikustean. 

200 m. lasterketako marka 2019ko ekainaren 9an Basaurin egin zen atletismoko nazioarteko topaketa batean lortu zuen, 01:23,01.

400 m. probakoa, berriz, 2019ko martxoaren 23an egin zuen Liberty Seguros Espainiako Txapelketan, Collado Villalban, Madrilen. Marka 3:33,64 da.

Ane Asensio 200 m. lasterketako errekorra lortzen, Basaurin. Arg.: Ostadar Inklusioa