Furundarena bikain, absolutu mailako Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 3a, 13:00
Naroa Furundarena eta Ostadar SKTko prestatzaileak, Ourensen. Arg.: Ostadar Atletismoa

Zortzi onenen artean sailkatu zen jauzi hirukoitzeko finalean parte hartzeko, zazpigarren amaitu zuen proba eta bere marka ondu zuen, 12,58 m. Gazte mailako atletak ere ederki lehiatu dira Euskal Herriko txapelketan

Ostadar SKTko atletismo saila pozarren dago. Naroa Furundarena atleta Espainiako onenen artean lehiatu da jauzi hirukoitzean proban eta ongi erantzun dio erronkari. 

Furundarena eta Ostadar SKTko prestatzaile Amaia Andres eta Oscar Goikoetxea Ourenserako bidaia egin zuten. Otsailaren 29an, Furundarenak hitzordu garrantzitsua zuen absolutu mailako Espainiako txapelketako proba. Peleteiro, Serrapio, Lobato... jauzi hirukoitzeko Espainiako atleta onenen aurka lehiatuko zen gaztea lehenengoz eta ongi egin zion aurre lehiaketari. Zortziko finalera sailkatu eta zazpigarren amaitu zuen proba.

Pista estaliko denboraldi hasieratik jauzi hirukoitzean garapen handia egin du Furundarenak eta txapelketan ere ez zuen huts egin. 12 metroak gainditu zituen urtarrilean, otsaila hasierako Gipuzkoako txapelketan 23 zentimetro gehitu zizkion markari eta Espainiako txapelketako finalean 12,58 metroko jauzia egin zuen gazteak. 

Egun Furundarenak 20 urtez azpiko Espainiako txapelketa du buruan. Sabadellen jokatuko da martxoaren 14an eta 15ean.

Furundarenaz gain, Atletico San Sebastian taldeko Eneritz Busto herritarra ere izan zen Ourensen. 60 m. hesi proban parte hartu zuen eta finalerdietara iritsi zen gaztea.

Atleta gazteak ere, finaletan
Donostian ere berri pozgarriak izan ziren gazteen mailako Euskadiko txapelketan. Ostadar SKTko zortzi atletek parte hartu zuten. Hainbat finaletan lehiatu ziren eta bi domina ere lortu zituzten, zilarrezkoa eta brontzezkoa.

Jauzi probetan lortu ziren bi garaikurrak. Enara Gonzalezek 20 urtez azpiko luzera jauzian zilarrezko domina eskuratu zuen 5,06 m. jauziarekin. Eta 16 urtez azpiko mailan, Naroa Elvira jauzi hirukoitzeko podiumeko hirugarren mailan egon zen, 9,67 m.

Lasterka ere egin zuen Elvirak, 300 m. proban, eta seigarren amaitu zuen

Irati Valdivia, berriz, 60 m. lasterketako bosgarren eta 60 m. hesi probako zazpigarren izan zen.

200 m. lasterketako seigarren amaitu zuen Maider Abete, 20 urtez azpiko mailan.

Jokin Rodriguez eta Haritz Grijalbo ere 16 urtez azpiko jauzi hirukoitzeko proban lehiatu ziren, zazpigarren eta zortzigarren izan ziren gazteak, hurrenez hurren.