Ostadarrek ezin izan zuen arantza kendu Luberriren aurka

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mar. 3a, 11:30

Partida gogorra jokatu zuen Ostadar SKTko 1. probintzialeko taldeak Luberriren aurka. Lehen itzulian Luberrik bi puntugatik irabazi zuen partida eta talde urdin-beltzak errebantxa nahi zuen. Ezin izan zen horrela izan 

Lehen maila probintzialeko bi lehen sailkatuen arteko norgehiagoka polita ikusi ahal izan zen, larunbatean, Maialen Chourraut kiroldegian. Ostadar SKT eta Luberri aurrez aurre izan ziren eta Donostiako taldea gailendu zen, 50-54.

Partida gogotsu hasi zuten bi taldeek. Lehen minutuetan Luberri nagusi zen errebotean eta 0-6koa ageri zen markagailuan. Ostadarrek ez zuen amore eman eta bere erritmoa ezartzea lortu zuen pixkanaka. Eraso azkarrak eginez, 17-11 heldu ziren lehen laurdeneko amaierara.  

Luberrik ordea, defentsa aldatu zuen hurrengo laurdenean, 3-2 defentsa itxia. Ez zen ongi moldatu Ostadar eta kanpoko jaurtiketetan ez zen fin ibili. Jaurtitzaile finena gainera,, lesionatua dago. Hortaz baliatuz, Donostiako taldeak partida gogortu eta markagailuan gerturatu zen. 18. minutuan talde urdin-beltza aurretik zihoan, baina Luberrik bi hiruko jarraian sakiratu eta 25-28 iritsi ziren atsedenaldira.            

Defentsa berarekin jarraitu zuen Luberrik partida amaiera arte eta Ostadarri asko kostatzen zitzaion erasotzea. Defentsan, aldiz, lan ederra egin zuten urdin-beltzek eta erreboteak ederki borrokatu zituzten. 26. minutuan berdinketa zegoen markagailuan, 36-36. Hirugarren laurdeneko amaierak eta azken laurdeneko lehen minutuek Luberrien aldeko jarri zuten partida. Donostiarrak kanpo jaurtiketetan fin ibili ziren eta Ostadarrek ez zuen zentzuz jokatu. Ondorioz, 2-14ko partzial gogorra jaso zuen.

Partida amaitzeko 7 minutu faltan 38-50koa zen markagailua. Ostadarrek arriskua hartu zuen, presioa, baloiak lapurtu, eraso azkarrak… eta ongi joan zitzaion. Hiru minutu faltan 46-50 zeuden. Partidari buelta emateko gertu izan ziren, baina ezin izan zuten.

Ander Otaegi taldeko prestatzailea pozik agertu da taldeak egindako lanarekin. "Gertu gaude. Gu baino talde hobea dute, osoagoa, konpletoagoa, indartsuagoa… baina gertu gaude". 

Partida honen ostean, sailkapeneko lehen postua eskuratzea zail izango dela uste du entrenatzaileak. "Final Four-agatik borrokatzea tokatzen zaigu orain". Eta larunbatean, sailkapena lortzeko partida erabakiorra izango dute Oiarsoren aurka. Joaneko partida parekatua izan zen eta bost puntugatik irabaztea lortu zuen Ostadarrek, baina talde urdin-beltzeko kideak ez dira fio. "Etxean partidu guztiak irabazi dituzte eta oso zaila da bertan garaipena lortzea. Topera entrenatu eta partidua prestatzea tokatzen zaigu orain!".