Emakume langile eta pentsiodunen aldeko ahotsak

Nerea Eizagirre 2020ko martxoaren 2a

Emakume langile eta pentsiodunen egoera izan da gaur hizpide bilkuran.

Emakumeen Nazioarteko egunaren atarian, gaur ere emakumeak izan dira protagonista Lasarte-Oriako Pentsiodunen eta Erretiratuen asteroko bilkuran. Emakumeen ahotsek egin dituzte gaurko aldarrikapenak eta haien hitzek hausnarketarako tartea ere eman dute

Pentsiodunen eta erretiratuen mugimenduak emakumeen berdintasunaren aldeko borrokarekiko errespetua eta babesa adierazi nahi izan du gaurko saioan, bereziki pentsioen inguruko gaietan. Horretarako gaur emakumeen ahotsa berriro ere nagusi izan da egon diren mintzaldietan. 

Enplegu txirotasuna, behin-behinekotasuna eta prekaritatea feminizatuta daudela gogoratu dute pentsioen aldeko mugimenduak gaurko irakurketan. Europar Batasunak emakume europarrek batez beste gizonezkoek baino %15 gutxiago kobratzen dutela gogorarazi duela nabarmendu dute, baita Espainian portzentaia %22raino igotzen dela ere.

Pentsioei dagokienean, txosten ezberdinen arabera, gizonezkoek batez besteko emakumezkoek baino %35tik %40ra gehiago jasotzen dutela ere azpimarratu dute. "Gaur egun Estatu Espainiarreko pentsio sistema publikoak emakumeengan gizonezkoengan baino 4.500 milioi euro gutxiago gastatzen ditu. 2018ko datuen arabera, 700 eurotik beherako pentsioen %72a emakumeek kobratzen dituzte".

Hau guztia dela eta, pentsiodunen mugimenduaren ustez, beharrezkoa da pentsioen egoera genero perspektiba batetik aztertzea. Horren bitartez, "bizitza duina bermatu, eta erosahalmena modu berean igo ahal izango dugu emakume eta gizonen artean".

Egoera politikoari errepaso txikia

Horretaz gain, Miren Etxezarreta ekonomialariak Gipuzkoan eskainitako hitzaldien laburpen bat ere egin dute eta hiru puntu azpimarratu dituzte. Etxezarretaren ustez, pentsioak ez daude krisian, aberastasuna banatzeko beste era bat bilatu behar da. Bestetik, aseguru-etxeek eta bankuen asmoa pentsioak pribatizatzea dela argi du. Eta azkenik, azken bi urteetan bezala, pentsioen aldeko borroka kalean egin behar dela babesten du.

Pentsioen igoera dela-eta, Europar Batzordeak Sanchezi kargu hartu izana ere izan da hizpide eta Etxezarreta beraren hitzak entzun ahal izan dira audio moduan. Europar batzordeari kasu handirik egin behar ez zaiola aipatzen du horretan. "Europar Batzordea kontserbadorea da eta gauzak dauden bezala mantendu nahi ditu." Espainiako Estatuari pauso aurrerakoiak eman ahal izateko aberastasunaren banaketan aldaketa bat egitea proposatzen dio eta horretarako onena erreforma fiskala egitea deritzo Etxezarretak.

Horren harira, pentsionistek egoera politikoaren errepaso txikia egin dute. Eusko Legebiltzarra jardunean dago, Toledoko paktua berriro biltzekoa omen da eta Estatuko aurrekontuak landu eta onartu behar dira. Horregatik, ahal den heinean pentsionistek haien eskaerak betetzeko borroka egingo dutela adierazi dute. "Pentsioak KPIaren arabera igo dituzte, baina ez dute gutxieneko pentsioei buruz ezer esan. Horien igoeraren alde ere borrokatuko dugu".

Herritarrei ere eman diete hitza. Martxoaren 8arekin zer ikusia duten hausnarketak egiteko eskatu zaie bertaratukoei. Eskutitz bidez, gaur saioan egon ezin izan den kide batek bere gogoetak kaleratu ditu. Gaur egungo egoerara iristeko emakumeek egin duten borroka azpimarratu eta iraganean borroka horren parte izan ziren emakumeei martxoaren 8an eskerrak ematea proposatu du. Era berean, bertan zeuden gizonei egun horretan etxeko zereginak eurek egiteko ere luzatu die.

Mariza Zubiri Pentsiodunen eta erretiratuen mugimenduko kideak gertutik bizi izan du Lasarte-Oriaren bilakaera eta emakumeak bere arnasguneak bilatzeko izan zuten borroka ekarri du gogora.

Azkenik, Madrilgo koordinakundeko kide batek pentsio erreformaren alde eta genero arrakala eta emakume pentsionistei buruz egindako hitz batzuk ere entzun dituzte audio bati esker.