Okendon bildu da udalbatzarra, Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazteko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko otsailaren 28a

Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazi diete udal korporazioko eta Euskal Herriko Lagunak Mendebaldeko Sahararekin Bat elkarteko kideek.Ostegun iluntzean bildu dira Okendo plazan, 'Maroko Saharatik at! Independentzia' lelodun afixa eskuetan. Alderdiek aho batez babestu zuten elkarte horrek otsaileko ohiko udalbatzarrean aurkeztutako mozioa.

Herrialde horrekiko elkartasunez, ekintza gehiago antolatu ditu EHLMSB elkarteak. Bazkari sahararra egingo dute Furia Beltzan, bertako zenbait plater dastatuz: harira, kouskousa barazkiekin eta arkumea saharar erara. 14:00etan eseriko dira mahaiaren bueltan.

Datorren astean, asteartetik igandera, erakusketa bat zabalduko dute Jalgi Kafe Antzokian: Sahara emakume izenarekin. Mundubat elkartearenak dira argazkiak.

SEADen 44. urteurrena

Atzo, otsailak 27, 44 urte bete ziren Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa sortu zenetik. Frente Polisarioa berriz, hiru urte lehenago. Urte ugari eman zituzten gerran Mauritania eta Marokorekin. 1979an eta 1991n sinatu zituzten su-etenak bi herrialde inbaditzaileekin, hurrenez hurren. Hori baino lehen, 1987an, Marokok 2.700 kilometroko horma bat eraikitzeko lanak bukatu zituen Mendebaldeko Saharan, lurralde okupatuak besteengandik bereizi eta errefuxiatuen itzulera saihesteko. Marokorekin su-etena sinatu eta gutxira, autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko urratsak egiten hasi zen NBE, baina oraindik ez dute euren etorkizunari buruz erabakitzeko aukerarik izan.

'Oporrak bakean' egitasmoa

EHLMSB elkarteak herritarrak animatu ditu Oporrak bakean egitasmoan parte hartzera. Proiektu hori sortu zuen Fronte Polisarioaren Euskadiko Ordezkaritzak; aukera ematen die kanpaleku horietan bizi diren zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrei udako oporraldia pasatzera etortzeko. Hainbat elkarte, eragile, udal eta familiak parte hartzen dute programa horretan. 

Lasarte-Oriako Udalak adierazi du zortzi familia lasarteoriatar  behar dituela, haur horiek hartu eta uztaila eta abuztua elkarrekin pasatzeko. Interesa duten familiek gizarte zerbitzuekin jarri behar dute harremanetan. 650 488 108 telefonora deitu dezakete, edo, bestela, gizartez@lasarte-oria.org helbide elektronikora idatzi.